Azaroaren erdialdean
arauz besteko proposamena aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako
Eusko Abertzale Ekintzak (EAE),
Bizkaiko Foru Aldundiari Lamiakon aurreikusitako hondakin uren araztegiaren (HUA) proiektuaren aurka ager dadin eskatuz. Horrenbestez, ostiral honetan, urtarrilak 18, eztabaidatuko dute Nekazaritza eta Ingurumen Batzordeak Bilbon izango duen bilkuran. Alderdi ekintzailearen ustez, "guztiz neurrigabea eta desegokia" da proiektua. Hala ere, ur zikinen tratamenduen aurka ez dagoela argitu du EAEk; eta ondorioz, ez dagoela ur zikinen tratamendua ahalbidetuko lukeen araztegi baten aurka, baina bere tamaina eta esparrua nabarmen mugatuz. "Gure ustez, Araztegi txikiagoak eta eremu apalagokoak planteatzetik bideratu beharko litzateke auzia, hots, Lamiakon egin beharreko araztegia bere inguru hurbilari zerbitzua emango liokeena izan beharko litzateke, horiekin batera beste hainbat proiektatu beharko liratekeelarik (Txorierrin, Uribe Kostan eta Getxon gutxienik), egun sistema osoak dituen ahuleziak gaindituz eta ur zikinen tratamenduak bizilagunengan sortzen dituen kalteak banatuz", azaldu dute. Argazkian, pasa den azaroaren 25ean, metro geltoki ondoan,
Lamiakoko auzokideen plataformak egindako sinadura bilketaren irudi bat /
La depuradora.