Gallastegi, Hidalgo eta Gañanentzat zazpi urteko espetxe zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 17a, 21:05

Atzo ezagutarazi zuen sententzian, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Orkatz Gallastegi berangoztarrari, Aimar Hidalgo algortarrari eta Gaizka Gañan santurtziarrari martxoan ezarritako zazpi urte, sei hilabete eta egun bateko espetxe zigorra, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez zabaldu duenez. 2000ko abuztuaren 11n Algortan autobus bat erretzea leporatzen diete. Sententzia horretan, gainera, ADN frogen baliogarritasuna onartzen du auzitegi horrek, "nahiz eta froga horiek inolako kontrol judizialik gabe egin", Gara egunkariak jaso bezala. Hidalgo eta Gañan abenduan atxilotu zituzten zigorra betetzeko. Gallastegi, ordea, 2002tik dago preso. "Ertzaintzak ADN frogak nahi duen bezala erabiltzen ditu, inongo kontrolik gabe. Hau da, nahi duen lekutik hartu, gero zerbait gertatu denean han izan dela esan, urteak pasatu ondoren aurkeztu… Kontua da Espainiako Auzitegiek baliogarritasuna ematen diotela prozedura horri, torturari ematen dioten bezala, errepresio politikoari bidea emateko. Gauzak horrela, Ertzaintzak nahi dituen pertsonak eta nahi duenean atxilotu eta espetxera bidaltzen ditu. Uribe Kostan luzea da prozedura horren bitartez espetxean diren gazte zerrenda: Orkatz Gallastegi, Endika Lejarzegi, Aimar Hidalgo…", salatu du AAMk. Hain zuzen ere, ADNaren erabileraz, Gurasoak elkarteko Txusa Etxeandiak martxoaren 26an eskainitako hitzaldia jarri du entzungai Etengabek. Argazkian, Aimar Hidalgo 2005eko uztailean askatu zuten, kartzelan hamar hilabete eman ondoren, eta gero 2007ko abenduan berriz atxilotu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun