Txalaparta doinuez lagunduta, sinadurak batzeko mahaia jarriko du larunbat honetan, urtarrilak 19, Algortan,
Anjel Kalera! herri ekimenak. Gaixotasun larria duen Anjel Figueroa preso politiko algortarrari Kode Penalaren 92. artikulua aplika diezaiotela eta, beraz, libre utzi dezatela eskatzeko abitu zuten ekimena, azaroaren 17an, 50 bat auzotarrek. Dagoeneko 13 urte daramatza espetxean Figueroak. Gaixotasun larria eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala. Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du, eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu. Gainera, orain gutxi, ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman zioten. “Kronologikoki begiratuta ere preso algortarraren egoera gero eta okerragoa da. Gero eta krisialdi eta arazo ugariagoak ditu”, adierazi dute ekimeneko kideek. Hain zuzen ere, egun Txagorritxun ospitaleratuta dago, abenduaren 29an izan zuen krisialdi larriaren ondorioz. Horrenbestez, orain bi hilabete abiatutako sinadura bilketarekin jarraituz, mahaia jarriko dute bihar, 13:00etatik 14:00etara, Telletxe plazan (metro geltoki alboan). Iragarri dutenez, hurrengo larunbatetan ere mahaiak jartzen jarraitzeko asmoa dago, musikaz girotuta, asteburu bakoitzean toki bat edo bestea aukeratuz.