Sopelako gazte asanblada berpiztu nahian dabiltza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 18a, 13:37

Gaur, arratsaldeko 7:30ean, bideo emanaldia eta prentsaurrekoa eskaniko ditu sortze bidean dagoen Sopelako gazte asanblada berriak, aipatu udalerriko kultur etxean. Antolatzaileek adierazi dutenez, helburua bikoitza da: alde batetik hurrengo hilabetetan zehar Getxoko Justizia Jauregian epaituak izango diren 6 gazte sopeloztarren egoera azaltzea; eta bigarren, "herriak gazte asanblada behar duela ikusirik", hori birsortzeko lanean dabilen neska-mutil taldea aurkeztea. "Asko aurretiaz herrian egondako beste gazte asanbladetan egondakoak dira", aipatu dutenez. Gauzak horrela, bideo bat prestatu dute non herrian aspalditik egon diren gazte asanblada eta gaztetxeak azaltzen diren. Argazkian, Ganebarri gaztetxearen hustuketa salatzeko Sopelako udaletxeko teilatura igo ziren gazteak, 2006ko uztailaren 21ean.

2006an Ganebarri gaztetxea, Igeltsera aurreko etxea, zabalik egon zen bitartean, 6 gazte identifikatu zituen Ertzaintzak. Sopelako gazte asanblada berpizten dabiltzan neska-mutilen hitzetan, "gazteon aurkako errepresioaren" beste adibide bat da hori. "Okupazio delitua leporatzen diete. Gainera, epaiketa izan aurretik 3000 euroko fidantza eskatu diete; baita bankuko kontu korrontetik zein laneko nominatik kendu ere, guztia ez bada, zati bat bai", salatu dutenez. Esan bezala, epaiketa hurrengo hilabetetan zehar izango da.

Gonzalez eta Saratxagari elkartasuna

Bestalde, urtarrilaren 24an eta 25ean, Espainiako Auzitegi Nazionalean 19 gazte bizkaitar epaituak izango direla gogoratu dute. "Horietatik bi sopeloztarrak izanik, Gontzal Gonzalez eta Kepa Saratxaga alegia, gure elkartasuna helarazi nahi diegu beraiei eta senideei. Gogoratu, gainera, epaiketa horretan Gorka Lupiañez durangarra ere egongo dela, orain gutxi Guardia Zibilaren esku, tortura basatiak jasan dituen gaztea", adierazi dute. Bere aldetik, epaiketa horren oinarrian 2002ko iraila-urrian Ertzaintzak Bizkaia aldean egindako sarekadan "erabilitako torturak" eta "nahiz eta gero epailearen aurrean deklarazio horiek ukatu, tortura bidez lorturik inkulpazioak" jasotzen dituen txostena (pdf) zabaldu du Etengaben Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun