"Aita-amak liskartuta daudenean, familiarteko harremanei eusteko esparru egokia behar izaten dute seme-alabek", adierazi du Marisa Arrue (argazkian) Getxoko PPko bozeramaileak. Hain zuzen ere, hori da popularrek eskatutako "familia elkargunearen" xedea, "adinez txikien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko". Arrueren hitzetan, 100 metro koadro inguruko lokala beharko litzateke horretarako, zeinean psikologoak eta kabinete juridikoa ere izango liratekeen. Gastua 90.000 euro ingurukoa litzateke, zinegotziaren arabera. Gauzak horrela, "haurren babes eta arretarako 3/2005 legea finkatzen duen instituzioen arteko elkarlanari eutsiz" eskaera luzatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Getxoko PPk. Arrueren arabera, "Getxoko epaitegian egikaritu gabeko banaketa eta dibortzioen kopurua kontutan hartuta, urtean 200 adingabekok beharko lukete zerbitzu hori".