Mugikortasun arazoak dituzten lagunak udaletxera sartu ahal izateko arrapalak herrian eragin duen eztabaidagatik zein "talde politiko moduan udal batzarretan partaidetza ukatua dugulako", bere ikuspuntua hedabideen bitartez zabaltzea beste aukerarik ez zaio geratu Plentziako Eusko Abertzale Ekintzari. "Aspaldi bukatua egon beharko lukeen sarrera hori eraikinaren aurrealdetik egin beharko litzateke eta ez beste tokiren batean. Hala ere, antzinako osasun etxetik izan beharko litzatekeela uste dugu, hau da, udal bulegoetara emanez", adierazi dute ekintzaileek. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek udaletxerako sarrera atari nagusitik edukitzea "ezinbestekotzat" jotzen du EAEk, "aldi berean, ikus-inpaktu txikiagoa ere izango lukeelako". Horrenbestez, arrapalaren egungo kokapenaren "aurka" daude. Bestalde, bertan Ertzaintzaren bulegoari eman nahi omen dioten kokapen berriaz kexu dira ekintzaileak. Argazkian, Plentziako udaletxea eta Astillero plaza / Edonola.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!