Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano aurrez aurre jarriko dituzte Bilboko literatur eztabaidek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 18a, 20:37

Astearte honetan, urtarrilak 22, abiatuko dira "Eztabaidak literaturarekin" izenburuko jardunaldiak, Bilboko Zazpi Kaleetako Bidebarrieta kulturgunean. Hilabetero, bi idazle azalduko dira jendaurrean literaturaz eta idazteko ofizioaz hitz egiteko. "Helburua ez da egile bakoitzaren azken lanak aurkeztea, irakurleen interesekoak diren gaiei buruz solastatzea baizik", antolatzaileek adierazi dutenez. Horrenbestez, Ramiro Pinilla getxoztarra eta Harkaitz Cano lasartearra, 84 eta 32 urtekoak, hurrenez hurren, izango dira topagune hau inauguratzeaz arduratuko direnak, "Idazleen adinak" izenburuko elkarrizketaren bidez. Literaturako hastapenak, sorkuntzarako adinik egokiena, gaztaroko "bekatuak" zahartzaroko "bizioen" aurrean, bizitzako esperientziak idaztean duen eragina edota idazlearen adinak izan dezakeen garrantzia edo garrantzirik eza dira Pinillak eta Canok Bidebarrietako ekitaldi aretora hurbildutakoen aurrean eztabaidatuko dituzten mintzagaietako batzuk. Oraingoan, Iñaki Esteban idazle eta kazetaria arduratuko da aurkezpena egin eta solasaldia moderatzeaz, zehaztu dute Bidebarrieta kulturguneko kideek. Saioak asteartero izango dira, 19:30ean. Argazkian, Ramiro Pinilla Getxoko bere baserrian / Guia Cultural.

1960an Nadal Saria irabazi eta 1971ko Planeta Sarian finalista izan ondoren, bere ibilbidea ohiko literatur zirkuituetatik at garatu du Ramiro Pinillak. Bere argitaletxea sortu eta liburuak bere kasa saltzeraino iritsi da. Azken urteetan, gaztelaniazko literatur saririk garrantzitsuenetako batzuk irabazi ditu, hala nola Kritikaren Saria edo Espainiako Narratibaren Saria, bata zein bestea 2006an eskuratutakoak. Urtebete lehenago, eleberriaren Euskadi Saria jaso zuen.

Bestalde, Harkaitz Cano lasartearra, 32 urtekoa, euskarazko literaturan dagoen idazle gazterik garrantzitsuenetakoa da. 19 urte eskas zituela, "Kea behelainopean bezala" izenburuko bere lehen poema liburua argitaratu zuen, eta handik hona, "Beluna jazz" edo "Pasaia blues" bezalako eleberriak plazaratu ditu, gerora erdarara itzuli direnak. Horrez gain, bere ipuinen antologia batzuk eta New Yorketik igorritako literatur kroniken antologiak ere itzuli dizkiote. Zuzenbidean lizentziatua, Canok euskal egunkari desberdinetan idazten du, baita irrati, zinema eta telebistarako gidoiak landu ere. 2005ean, euskarazko literaturaren Euskadi Saria irabazi zuen "Belarraren ahoa" eleberriagatik.

Apirilera arteko egitaraua

"Eztabaidak literaturarekin" jardunaldien helburua, "jendeari lehen mailako idazleekin topo egiteko gune bat eskaintzea da, elkarrizketaren bidez idaztearekin zerikusia duten auziak planteatzeko aukera emango diona", antolatzaileen hitzetan. Ramiro Pinillak eta Harkaitz Canok asteartean egingo duten lehenengo aurrez aurrekoaren ondoren, beste zenbait hitzordu izango dira apirilera bitartean.

Horrela, otsailaren 19an, "Emakumea izan eta idatzi" izenburupean, Ana Maria Moix bartzelonarra eta Luisa Etxenike donostiarra izango dira protagonistak, Pili Kaltzadak aurkezpen lanak egingo dituelarik. Emakumeek idatzitako literatura "emakumezko edukinak" dituen literaturaren aurrean, "emakumezko literaturaren" existentzia ala existentziarik eza, emakume idazleen auto-zentsura, emakume idazle izarren moda, tradizioa eta zenbait emakume idazle klasiko berreskuratzeko premia izango dira eztabaidan aztertuko diren gaietako batzuk.

Martxoaren 11n, "Literatura eta antzerkia" saioan izango dira Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Josu Monterok moderatuta. Antzerkigilearen estatusa, antzerkia irakurgaitzat eta liburudendetako salgaitzat duen garrantzia, antzerkiaren betekizun soziala, antzerkigilearen mugapenak eta baldintzapenak estreinatzeko aukeren aldean eta antzerkigintzako adierazpide berriak dira bi egile ezagun horiek eztabaidatuko dituzten gaietako batzuk.

Azkenik, apirilaren 15ean, Belen Ruiz de Gopegui madrildarra eta Iban Zaldua donostiarra arituko dira "Literatura eta egungo gizartea" izenburuko saioan, Ramon Bustamante kazetariak moderatuta. Egungo kezka sozialen isla literarioa, genero literario desberdinek kezka horiei heltzeko dituzten gaitasunak, egungo egileek nagusiki jorratzen dituzten gaiak, globalizazioak literaturan edo idazle garaikideen konpromiso mailaren gainean duen eragina izango dira elkarrizketaren ardatzetako batzuk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun