Abian da Sopelako gazte asanblada berria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 19a, 19:14

Sopelako gazte asanblada berria aurkeztu zuten atzo dozena erdi bat neska-mutilek, herri horretako kultur etxean iluntzean egindako ekitaldia dela medio. Bideo emanaldi eta mahai-ingurura adin ezberdinetako 29 gazte gerturatu ziren eta herriak gazte mugimendu irekia, anitza, askotarikoa, asanblearioa, alternatiboa eta kritikoa behar duela adostu zuten aho batez: "politika espekulatzailearen aurrean pasibotasunarekin bukatu" eta "gazteen indarrez" egoera aldatuko duen gazte asanblada eratzeko, alegia. Denbora galdu barik, 2007an desagertu zen SUGAri lekukoa hartuko dion gazte asanbladaren lehenengo batzar publikoaren data, ordua eta lekua finkatu zuten: asteazkenean, hilak 23, 20:00etan Plaza beltzan. Era berean, lehenengo hiru lan jarri zieten gazteek haien buruei: "herriari begirako kultur eskaintza, Udalak eskaintzen ez duena" ematea, horri egonkortasuna emango dion lokal bat eskuratzea eta Ganebarriren desalojoa dela eta auziperatuta dauden herriko sei laguni elkartasuna adieraztea eta herriko gazteriaren zein okupazio mugimenduaren aurkako errepresioa salatzea.

Gazte asanbladako kideek jakinarazi zutenez, Ganebarriren desalojoa zela eta 10 lagun identifikatu zituen Ertzaintzak. Hiru, okupazioaren zehar, beste hiru desalojoaren ostean bertaratu zirenen artean aukeratutako batzuei hartu zizkieten datuak. Ganebarri gaztetxearen desalojoa salatzeko egindako manifestazioan, berriz, bi laguni eskatu zieten dokumentazioa ertzainek, martxaren aurka oldartuko ziren mehatxupean. Azkenik, bi gazteri herrian pintaketak egin izana leporatu zieten eta horren aitzakiapean datuak hartu zizkieten. Azken lau gazteren kasuetan, haien aurkako diligentziak ez dira epaitegietan aurrera joan, baina Ganebarriren inguruetan identifikaturiko bakoitzari 2.800 bat euro eskatu diote fidantza gisa, guztira 16.800 bat euro, epaitegiak diru-bahiketen bidez kobratzen saiatuko dena.

Epaiketa, ertzainen eta fiskalaren ekimenez

Gazte asanblada berriaren kideek salatu zutenez, fidantza horiek ezartzeko ertzainek eta Fiskaltzak ondareen usurpazio delituaz gain, "asmatutako" jabegoaren aurkako kalteak leporatu dizkiete Ganebarriko seiei: "egiak ez diren egindako zuloak eta apurtutako leihoak eta abar. Izan ere, soilik ikusi behar zen zelan zegoen Ganebarri okupatu baino lehen eta zelan hobetu zen etxea okupazioaren bitartean". Bestalde, argi utzi zuten oraingo epaiketetan Ganebarriko jabeak ez duela interesik, "ez du gurekin txarto gelditu nahi, berak nahi zuen etxea hustea eta hori lortu zuenetik ez du epaiketarik nahi. Baina ertzainek diligentziekin jarraitu zuten eta Fiskaltzak aurrera eraman ditu kasuak". Gauzak horrela, datozen hilabeteetan izango da epaiketa Getxoko Justizia jauregian, data finkatzeke badago ere. Bitartean, okupazio mugimenduaren aurkako erasoa salatu eta auziperatuak laguntzeko ekimenak jarriko dituzte abian.

Lokal baten bila

Bestalde, kultur eskaintza egonkorra zabaldu ahal izateko lokal berri baten bila arituko da gazte asanblada berria. Printzipioz, Sopelako Udalari eskatzen saiatzea deliberatu zuten gazteek, "gure eskubidea delako" eta "lokala guztiontzat izango delako, herriari eskainiko baitzaio". Gainera, gazteen aburuz, "udal lokalak ez dira Udal Gobernuarenak, herriarenak baizik" eta "gazteei lokal bat ematea Udalaren aldetik betebeharra izan beharko" litzatekeelakoan zeuden. Bestalde, herriko lehenengo zentro sozial gaztea izan zen Virgen del Carmen ikastetxe zeneko gaztetxeak dirulaguntzak eta guzti jaso zituela gogoratu zuten, eta baita Bizkaiko hainbat herrietan gazte asanbladek eta udalek hitzartutako lokalen adibideak. Azkenik, "Sopelan egoera aldatu egin dela" nabarmendu zuten gazteek: gizartean, aurreko gazte asanbladek egindako lanari esker eta udaletxean, orain ez dagoelako gehiengo osoa duen alderdirik. Egoera horretatik esperantzarako leihoa erdi zabalik iskusi zuten: "orain arte kolpeak baino ez ditugu jaso, baina orain ezberdina izan daiteke".

Esandakoa berresteko edo, ondoren Sopelako okupazio mugimenduari buruzko bideo ikusi zuten. bertan Euskal Herriko eta Uribe Kostako gaztetxeak eta gaztetxeak zirenak ikusi ondoren, 2001etik aurrera GASek, SGAk eta SUGAk egindako kultur ekimenen, okupazioen eta salaketaren berri ematen zuten irudiak proiektatu zituzten eta baita udaltzainen, ertzainen, hondeamakinen eta EAJko politikarien irudiak, askotan gazteei oldartzen. Izan ere, 2007an, "errepresioak ahulduta" SUGA disolbatu zela gogoratu zuen bideoak, eta baita 2008an horri lekukoa hartuko dion gazte asanblada aurrera eramatea "geure eskuetan" dagoela ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun