Igande honetan, urtarrilak 20, espetxean 20 urte baino gehiago egindako Fernando Etxegarai Gaztearenari ongi etorri ekitaldia egingo diote Plentzian. Hain zuzen ere, 13:00etan, Astillero plazan jarri dute hitzordua. Gauzak horrela, Plentziako Presoen Lagunak Anjel Kalera! herri ekimeneko kideekin harremanetan jarri eta preso gaixo algortarraren askatasuna aldarrikatzeko sinadurak batuko dituzte ekitaldian bertan. Etxegarairen omenezko bazkaria egiteko, ordea, Jai Alai frontoia erabiltzeko baimenik ez du eman independenteak buru dituen Plentziako Udalak. Hori dela eta, Urdulizen egingo dute, 14:30ean. Bestalde, txalaparta doinuez lagunduta, gaur eguerdian Algortako Telletxe plazan burututako sinadura bilketa "arrakastatsutzat" jo du Anjel kalera! herri ekimenak. Argazkian, Fernando Etxegarairi hilaren 6an Barakaldon egindako harreraren irudi bat / Etengabe.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!