Paulino Mendibil kaleko antenak emititu dezala galarazteko agindua badagoela dio Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 21a, 18:34

Yoigo telefonia enpresak Areetako Paulino Mendibil kalean "legez kanpoko" antena jartzen jarraitzen duela eta, kexu ugari izan dira azkenaldian, Antena Ez elkarteko kideenak eta Getxoko PPrenak, besteak beste. Horren aurrean, Udalak horri emititzen ez uzteko dekretua kaleratu duela eta horren berri urtarrilaren 3an eman zuela adierazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak. "Une honetan, Espainiako Industria Ministerioak antena emititzen ari den noiz egiaztatuko zain gaude, hori geldiarazteko agindua baitago", tokiko arduradunaren hitzetan. Madrilgo gobernuak laster telefonia mugikorrak eragiten dituen igorpenak neurtzeko sentsore bi udalerrian ipiniko dituela jakinarazteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak Arregik. Alabaina, zinegotziak gogoratutakoaren arabera, "Industria Ministerioa bera da antenak jarri eta horien funtzionamendurako baimena ematen duena, Getxoko Udalak obretarako baimena baino ez du ematen". Argazkian, hilaren 4ean Paulino Mendibil kaleko antenari hartutako irudia, Antena Ez elkartearen hitzetan. Bi langile ikusten dira bertan.

Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera, "Getxoko Udalak eskatuta" Algortan zein Areeta eta Itzubaltzeta / Romon jarriko du erradiazio neurtzaile bata Espainiako Industria Ministerioak. “Udal gobernuaren beste aurrerapausu bat da herritarrak kezkatzen dituzten gaiei buruz informazio gardena eman nahian eta gailu hauen instalazioan ahalik eta kontsentsu zabalena lortu ahal izateko Udalean ordezkatitza duten indar politiko guztiekin zein udalerriko talde ezberdinekin”, gaineratu duenez. Gogoratu, abenduak 17an osatu zutela Getxo udalerrian telefonia antenen eta Interneten instalakuntza arautuko duen lan-taldea. Tokiko erakundean ordezkaritza duten alderdi politikoek, Antena Ez elkarteak, telefonia enpresek eta Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko ordezkari batek osatzen dute. Hauez gain, arlo juridiko eta teknikoetako udal langileek eta Ingurumen eta Hirigintza zinegotziek ere parte hartzen dute.

Hurrengo batzarra

"Lan taldean ordezkatuta dauden kolektiboek telefonia enpresek eskaintzen dituzten zerbitzuak edukitzeko Getxon estaldura egokia dagoela onartzen dute, baita beharrezkotzat jo ere", aipatu du Arregik. Urtarrilaren 30erako aurreikusita dagoen lan taldearen hurrengo bileran, Getxon telefonia mugikorreko antenak jartzeko proposamen bana aurkeztu beharko dute parte hartzaileek. Horiei guztiei, besteak beste, Osasun eta Kontsumo Ministerioak, Industria Ministerioak, Osasun Mundu Erakundeak eta Minbiziaren kontrako Elkarteak gaiari buruz egindako txostenak emango dizkiete. Era berean, egun udalerrian dauden antenen kopuruaren eta horien kokapen zehatzaren berri eta Antenas Ez kolektiboak idatzitako txostena emango diete.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun