"Kantina" ezizenez ezaguna, Neguriko tren geltoki zaharreko eraikinera deitu ditu gaur goizean kazetariak Getxoko PPk, "metroa udalerrira heldu zenetik, horrek jasan duen erabateko utzikeria tokian bertan erakusteko". Egun itxita, ateak eta leihoak adreiluz eta zementoz estalita dituen etxea "herritarrentzako gunea jartzeko, kultur ekintzetarako, batzarrak egiteko edota ikasteko toki egokia" izan daitekeela uste dute popularrek. "Agian ordenagailu batzuk jarrita, inguruan arratsadero ibiltzen diren neska-mutilek euren aisialdia hobeto aprobetxatzea lortuko dugu", adierazi du Eduardo Andrade zinegotziak. "Neguriko bihotzean dago eraikina, metrorako sarrera eta ikastetxeetarako autobusen geralekua bertan dituela. Alboko plazatxoan aita-amak ere ibiltzen dira seme-alabekin", gaineratu duenez. Argazkian, PPko hainbat zinegotzi "kantina" aurrean dutela.