Deskripzioa maila desberdinetan egingo da: batetik, oinarrizko azalpenak, erraz ulertzeko modukoak; bestetik, azalpen teoriko sakonak (hauek artikulu gisa joan daitezke, edozein hizkuntzatan). Gaiak aurkezteko, testuak erabiliko dira batez ere, baina horrekin batera grabazioak, mapak edota argazkiak ere izango dira. Horrez gain, beste atal batzuk ere izango ditu: zalantza txokoa, hizkuntza araudia, ondoko hizkuntzen (espainiera eta frantsesa, batez ere) eragina eta abar.
Lana osatzeko iturriak izango dira Koldo Mitxelena eta Ibon Sarasolaren "Orotariko Euskal Hiztegia", euskal prosaren corpusak, EHUren "Ehulku" kontsulta datutegia, egun erabiltzen den prosa idatzia (liburuetan eta egunkari-aldizkarietan), eta bestelako aholku-zerbitzuak, besteak beste. Beraz, gaur egungo euskara mintzatuari buruzko informazio zabala izango da, eta historian ere oinarrituko da, euskal idazleek idatzi izan dituzten libururik aipagarrienetako datuak denen eskura jarriz.
Formari dagokionez ere, euskal gramatika ez da ohiko gramatikak bezalakoa izango: hasteko, euskarria desberdina da, sarean jartzeko diseinatu baita eta, hortaz, gaiak beste modu batera landuko dira; nahi duenarentzat atal teorikoak izango ditu, eta arruntean gramatiketan ageri ez diren bestelako gaiak ere sartuko dira. Gainera, esan bezala, Interneten egongo da, guztion eskura. Bestalde, gramatikaren informazioa gurutzatua izango da proiektuaren beste atalarekin, hau da, hiztegiarekin. Egungo "Euskal Hiztegia" izena duen lan horrek maila ezberdinak izango ditu: egungo prosako (liburuak eta prentsa-aldizkariak) erabilera arruntean ageri diren hitzak; hitz teknikoak; gramatika hitzak eta Historiako informazio osagarria.
Neurriari begiraturik, EHUko Euskara Institutuak landuko duen hiztegia "Orotariko Euskal Hiztegia"-ren parekoa da, baina handiagoa. Hiztegi hori lehenengo lekukotasun historikoetatik 1970era arteko bost milioi hitzek osatutako corpus batean oinarritzen da.
"Ereduzko Prosa Gaur"
Egungo "Euskararen Hiztegia" EHUk duen Ereduzko Prosa Gaur izeneko corpusean oinarritzen da. Ereduzko prosa gaur egungo egile onenen testu hautatuek eta prentsan argitaratutako artikuluek osatutako corpusa biltzen duen tresna elektronikoa da. Dagoeneko 25 milioi hitz biltzen ditu corpus honek. Beraz, neurriz handiagoa izango da, eta sarreren esanahiak, aldaerak, azpisarrerak eta milaka adibide bilduko ditu, eta egiazko euskara idatzi modernoaren erakusgarri paregabea izango da.
Euskal gramatika eta hiztegiaren proiektuaren zuzendariak Pello Salaburu, Ibon Sarasola eta Patxi Goenaga EHUko katedradunak dira, eta beraiekin batera arituko den ikertzaile taldeko kide gehienak, Euskal Filologian eta Hizkuntzalaritzan adituak, EHUko irakasleak dira, nahiz parte hartuko duten EHUtik kanpoko ikertzaile batzuek ere (Deustuko Unibertsitatea, CNRS, AEBtako irakasleak eta abar). Proiektuaren lehenbiziko atalak, gramatikarenak alegia, Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren ikerketa proiektuetarako diru-laguntza lortu du, 320.000 eurokoa guztira. EHUren, Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuen laguntza ere jasoko du, eta sei urtean proiektu osoa bukatua izango dela aurreikusten da.