Hitzaldian, Etxegaraik gogoan izan zituen "euskal militanteek" pairatzen dituzten atxiloketa, torturak, dispertsioa eta kartzela aldaketa franko eta salatu egin zituen euskal presoek baldintza hobeak dituztela esaten duten hedabideak eta pertsonajeak: "hori gezur hutsa da", esan zuen. Edozein presok dituen arazo zein baldintza latzak baino askoz okerragoak dituztela azpimarratu zuen, ordea.
Etorkizunari buruz, kartzelero batekin izandako anekdota baten bidez gogoratu zuen gatazka armatua "bihar goizaldean" amaitu daitekeela, horretarako "baldintza bakarra" baino ez dela bete behar, "Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea izatea", alegia. Baina, bere iritziz, Espainiak ez du horrelakorik nahi, eta horrek luzatzen ei du gatazka.
Independenteen debekua
Ekitaldiaren zehar, besteak beste, txalapartariak, dantzariak, musikariek, eta ezker abertzalearen, Askatasunaren eta gazte independentisten ordezkariek, berarentzat izan zituzten opariak, hitzak eta loreak, Alvarez Peña anaiekin ere partekatu zituztenak. "Eusko gudariak" abestuta, ekitaldia bukatu orduko, besarkada eta musuen artean mugitu behar izan zen Fernando Etxegarai, lagunak eta auzokideez inguratuta.
Herrian txikitoren bat hartu ostean jende gehiena Urdulizko Iretargi kultur elkartera abiatu zen bertan herri bazkaria egiteko. Izan ere, Plentziako alkatea den Isabel Zarauzak idazki baten bidez ukatu zuen baimena Plentziako Jai Alai udal frontoia erabiltzeko, Plentziako Independenteak bere taldea apolitikoa dela, herrian ekitaldi politikoak ez dutela suspertu nahi eta herri bazkaria ekitaldi politikoa izango zeneko susmoak bazituela argudiatuta. Plentziako Presoen Lagunek salatu zuten alkatearen debekua.