Sopelako Udalak herriko toponimia bildu, sailkatu, kokatu, aztertu eta finkatzeko beka deitu du. Horren zenbateko osoa 18.000 eurokoa izango da, eta zati bat bekaren zuzendaritza lana ordaintzeko erabiliko da. Lana egiteko epea 12 hilabetekoa izango da, beka esleitzen den egunetik hasita. Udal sopeloztarreko iturriek adierazi dutenez, emandako dirua ez da ikerketaren ordainsaria izango, ikerketa lana egiteko laguntza baizik. Azken txostena euskaraz aurkeztuko da eta horren laburpena ele bitan, eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren ardurapean burutuko da, Euskaltzaindiaren gidaritzapean. Eskatzaileak (edo lantaldea bada, kideetako batek gutxienez) Euskal Filologia ikasketak burututa izan behar ditu, edo Historia ikasketak burututa edo azken kurtsoan egon behar du. Historiako ikasketak izanez gero, euskal hizkuntzalaritzan ezagupen eta trebakuntza ere egiaztatu beharko du. Gauzak horrela, behin deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, otsailaren 15a izango dute azken eguna izena eman nahi dutenek. Argazkian, Gatzarriñe eta Iberre kaleen arteko gurutzagunea Larrabasterran.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!