Bizkaiko 14 gazte Madrilen epaitzeko Ertzaintzak torturaren bidez lortutako deklarazioetan oinarritu direla salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 22a, 15:32
Etzi eta etzidamu, ostegun eta ostirala, Bizkaiko 14 gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Aretoan, 2000ko irailaren 16an Galdakaon hainbat banketxe eraso izana leporatuta. Gaur eguerdian, auziperatu batzuek, senideek eta lagunek salatu dute, orain dela bost urte egin zuten bezala, gazteak "PNVren polizia autonomiko espainolak atxilotu eta bortizki torturatu" zituela eta aste honetako epaiketa "torturapean egindako deklarazioetan" oinarritzen dela. "Gazte eta aske!" lelopean kaleratutako prentsa-oharrean, gazteek eta senideek salatu dute ehunaka direla mota ezberdinetako errepresio ekintzak pairatzen dituzten gazteak: "jarraipenak, mehatxuak, kartzelaratzeak eta baita ere torturak Igor Portu bezala". Egoera horren erantzuleak izatea Guardia Zibila, Espainiako Poliziala Nazionala eta Ertzaintzari ezezik PSOE, EAJ eta NaBairi ere leporatu diete, beraientzat Espainiako Konstituzioa "babesleku" eta "joko eremua" dela eta "herri honentzako beste iruzur bat" prestatzen ari direla argudiatuta. Arkaitz Goikoetxea ihes eginda dagoela kontuan hartuta, Uribe Kostako zortzi lagun epaituko dituzte: Algortako Urtzi Paul, Endika Lejarzegi, Ekaitz Bilbao, Aimar Hidalgo eta Kepa Saratxaga; Berangoko Martin Etxegarai, Sopelako Gontzal Gonzalez eta Leioako Urtzi Murueta. Argazkia: cc-by-nc Gaztesarea.
Kalteengatik 3 urteko espetxe zigorra eta desordenak eragiteagatik beste 2 urte eskatu du bakoitzarentzat fiskalak. Bestalde, Bizkaiko beste sei gazte epaituko dituzte, hiru lagun absolbitu ostean. Kasua salatzeko, Gurasoak elkarteak elkarretaratzea deitu du etzirako, osteguna, goizeko 10etan, Bilboko Buenos Aires kalean dagoen Bizkaiko Probintzi Auzitegiaren aurrean. Era berean, jakinarazi dute larunbatean, mobilizazio bana izango dela Galdakaon, Zamakoan eguerdiko 1etan, eta Algortan, arratsaldeko 8etan Telletxen. Itzubaltzeta / Romoko Segik bere aldetik ostiralean ere mobilizazioak izango direla iragarri du. Algortan, ordea, hainbat kartel ageri dira larunbateko 13:30ean Telletxen egitekoa den manifestaziorako eta Gazteok Bat plataformak ere larunbatean Algoratara joatera deitu du, nahiz eta ordua oraindik finkatu ez duen.

Auziperatuek, senideek eta lagunek plazaratutako prentsa-oharra:

Alde bateko eta besteko biktimetaz hitz egiten digute, beraiek neutralak balira bezala. Baina hemen herritarrak gara biktima bakarrak, sistema neoliberal hiltzailearen biktimak; estatu espainol eta frantses kapitalisten langile esplotatuak. Horiek gara gu, aberririk gabeko herritarrak, hezkuntza sistema propiorik gabeko ikasleak, hizkuntza zapaldua dugun hiztunak, kultura arrotza inposatua dugunak gara gu.

Gure aitona-amonei frankismoa odolean sufritzea tokatu zitzaien, eta hamarkada batzuk beranduago, beren bilobok Frantzia eta Espainia kapitalisten inperialismoa pairatzera kondenatuta gaude. Baina iraganean bezala orain ere, gazteok biktima hutsak izatetik haratago borrokalariak izatea erabaki dugu. Ez dugu herritarren zapalkuntzarik onartzen, ez dugu aberririk gabeko seme-alabarik egoterik utziko. Gazteak gara eta borrokarako prest gaude. Belaunaldiz belaunaldi, eskuz esku igaro da borrokaren lekukoa, orain geuk daukagu, geure eskuetan dago.

2002ko Azaroan 17 gazte bizkaitar atxilotuak izan ginen operazio bakar batean. PNVren polizia autonomiko espainolak atxilotu eta bortizki torturatu gintuzten. Orain, 5 urte beranduago, torturapean egindako deklarazioetan oinarrituz epaitu egingo gaituzte audientzia nazionalean. Bakoitzak 5 urteko kartzela zigorra du jokoan. Baina gu bezala, ehunaka dira errepresioa pairatzen duten gazteak: Jarraipenak, mehatxuak, kartzelaratzeak eta baita ere torturak Igor Portu bezala ospitalean bukatzeraino edo kasu gehienetan norberak baino jakin eta sufritu ez dituenak.

Berdin da Guardia Zibila, Polizia Nazionala ala Ertzaintza, izan ere, denek dituzte helburu berdinak. Beren jabeak, joko arau berdinen arabera funtzionatzea erabakia dute. Kapitalistak dira, interes bakarra daukate: Beren poltsikoak betetzea. Horretarako, herri oso bat zapalduta izateko prest daude. Konstituzio espainola da beraien babeslekua, beraien joko eremua. PSOE, PNV, NABAI... une honetan, herri honentzako beste iruzur bat prestatzen ari dira, soluzio bezala planteatuko diguten beste engainu bat. Estatu espainolarekin konfrontazioan daudela sinestarazi nahi digute, baina jadanik soberan ezagutzen ditugu. Historian egindako joko maltzurrek beren kareta desagerrarazi eta aurpegia agerian gelditu zaie, ez digute berriro sartuko.

Zalantzarik gabe, beren helburu kapitalistak bete asmoz, borrokalari guztiak paretik kentzeko apustua egin dute. Gazteok errepresioaz mehatxatu gaituzte, beren interesak oztopatzen ditugun heinean zapalduko gaituztela adierazi digute. Baina guk oso argi daukagu, Euskal Herria eta euskal herritarrak defendatzera goaz, herri honetan ez dute nahi dutena egiterik izango. Eta gazteoi egurra ematera badatoz, aurrean izango gaituzte. Belaunaldi ezberdinak torturatu eta kartzelaratuko dituzue, baina independentziaren alde borrokatzeko prest egongo den belaunaldi berri batekin topatuko zarete, duela 5 urte balio ez zuena, gaur egun ere ez, errepresioarekin ez dago euskal gazteriarekin bukatzerik, Uribe kostan, Burlatan Donostian eta Euskal herri osoan belaunaldi berriekin topatuko zaretelako. Bidea argi daukagulako Jo Ta Ke independentzia eta sozialismoa lortu arte.

Gazte eta aske irabazi arte!


Itzubaltzeta / Romoko Segiren oharra:

Urtarrilaren 24 eta 25ean Bizkaiko 19 gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Sekzioan, 2000ko irailaren 16an Galdakaon hainbat banketxeren aurka buruturiko kale borroka ekintza bat leporatuta. Fiskalak 3 urte kalteengatik eta 2 urte desordenak eragiteagatik eskatzen die.

Auzipetuen artean Uribe Kostako zortzi lagun daude: Algortako Urtzi Paul Larrea, Arkaitz Goikoetxea Basabe, Endika Lejarzegi Olabarrieta, Ekaitz Bilbao Goikoetxea, Aimar Hidalgo Lertxundi eta Kepa Saratxaga Garcia; Berangoko Martin Etxegarai Mendiguren, Sopelako Gontzal Gonzalez Fando eta Leioako Urtzi Murueta Gondra.

Ertzaintzak egindako torturak

Epaiketa honen oinarrian 2002ko iraila-urrian Ertzaintzak Bizkaia aldean egindako sarekadan erabilitako torturak daude, eta tortura bidez lorturik inkulpazioak, nahiz eta gero epailearen aurrean deklarazio horiek ukatu.

Epaiketa honen kontrako mobilizazioak izango dira Uribe Kostan urtarrilaren 25 eta 26an. Adi mobilizazioetara!

Muntaia polizialik ez! PNV, lotu zure txakurrak!

Itzubaltzeta / Erromoko Segi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun