Ostiral honetan, urtarrilak 25, goi mailako esku pilota ekitaldia eskainiko du Urdulizko Iparralde kiroldegiak, udal iturriek jakinarazi dutenez. Lehenik eta behin, bigarren mailako txapelketako bikote bi arituko dira, 22:00etatik aurrera. Del Rey eta Merino I pilotariek Uriarte eta Galarza VI.aren aurka neurtuko dituzte indarrak. Partida hori bukatuta, eskuz binakako txapelketa nagusiari helduko zaio txanda. Izan ere, Iparralde aukeratu dute laugarren jardunaldiari hasiera emateko. Horrenbestez, Olaizola II eta Mendiluze II.ak osatutako bikotea Xala eta Pascualekin lehiatuko da. Azkeneko norgehiagoka galdu eta gero iritsiko dira Urdulizera azken biak: Kokak eta Beginok hirugarren jardunaldiko ezustekoa eman zuten atzo Tolosan. Asegarceko bikoteak 22-15 irabazi zuen Xalaren eta Pascualen aurka. Ezustekoa handiagoa izan zen, kontuan hartuta Xala eta Pascual 9-1 aurreratu direla. Dagoeneko ostiralerako sarrerak salgai daude Urdulizko Txiki eta Txibirri tabernan. Neurketa ETBk zuzenean eskainiko du. Argazkian, Eulaterekin batera igazko txapela irabazi zuen Xalak (ezkerrean) Olaizola I eta Belokiren kontrako finalean /
Dosparedes.