Fruitu-zukuei "hatz-marka" atera diete EHUn

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 22a, 16:05

Luis Angel Berrueta irakaslea buru duela, Espainian hazten diren 16 fruituren "hatz-markak" aztertu ditu EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaile-talde batek, fruitu guztietan agertzen diren zenbait konposatu kimikoren azterketa eginez. Ikerketa horren helburua da elikagai askori, besteak beste zukuei, eragiten dieten aizuntzeak edo elikagai-iruzurrak saihestea edo gutxienez murriztea, unibertsitateko iturriek adierazi dutenez. "Aizuntzeak edo elikagai-iruzurrak elikagai askori eragiten dieten arazo ekonomiko bilakatzen ari dira. Horregatik, elikagaiak benetakoak direla bermatzea garrantzizkoa da oso. Fruitu-zukuekin, esaterako, jatorrizko zukua fruitu merkeago baten zukuarekin, hala nola pomelo, mahats edo madari zukuarekin nahasten dute maiz. Alegia, zukua aizuntzen dute", azaldu dute. Argazkian, EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaile-taldea.

Fruitu-zukuetan iruzurrik ez dagoela bermatzeko metodo kimikoen artean, bi estrategia daude, EHUko ikertzaileen arabera. Batetik, fruitu bakoitzaren markatzaileak erabiltzea, hau da, haien konposatu kimiko espezifiko eta esklusiboak erabiltzea. Markatzaile horiek azkar, seguru eta merke neurtzeko eta analizatzeko modukoak izan behar dute. "Horixe litzateke idealena. Dena den, kasu askotan, hori ia-ia ezinezkoa da. Alegia, baldintza horiek guztiak betetzen dituen markatzaileak aurkitzea ezinezkoa da", aipatu dutenez. Horren ondorioz, beste estrategia bat erabiltzen dute produktuan iruzurrik egin ez dela bermatzeko; metodo kimikoak erabiltzea, alegia. Horretarako, fruituaren hainbat konposatu kimiko neurtzen eta aztertzen dituzte: fruitu edo fruitu-zuku bakoitzaren berezko profila osatzen duten konposatu kimikoen multzoa, hain zuzen ere. Fruitu bakoitzaren hatz-marka, alegia. Lan konplexu horretarako, zenbait teknika analitiko eta erreminta estatistiko sofistikatu erabiltzen dituzte. Hori da, hain zuzen ere, ikertzaile-talde honek jarraitu duen estrategia.

Konposatu polifenolikoak

Fruitu-zukuak aizundu gabeak direla ziurtatzeko, EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileek, Luis Angel Berrueta zuzendaria buru dutela, zukuen hatz-markak identifikatzen dihardute, fruituetan agertzen diren konposatu kimiko polifenolikoen azterketa eginez: "Milaka polifenol daude landare-erreinuko espezieetan. Gainera, espezie bakoitzean polifenol ezberdinak agertzen dira; baita kantitate ezberdinetan ere. Horren harira, fruitu bakoitzak berariazko profil polifenoliko bat du", diote. Fruitu bakoitzaren profil polifenolikoa aztertzeko, bereizmen altuko kromatografia likidoa (HPLC) izeneko teknika erabiltzen dute UPV/EHUko ikertzaileek. Hala ere, profil polifenolikoen segurtasuna areagotzeko, profil horietan agertzen diren polifenol guztien identitatea baieztatu behar dute. Horretarako, beste teknika analitiko bat erabiltzen dute: masa-espektroskopia (MS).

Laranja, mandarina, limoia...

Espainian hazten diren 16 fruituren (laranja, mandarina, limoia, pomeloa...) barietateak aztertu dituzte, 77 barietate guztira. Hala, fruitu guztien hatz-marketan azaltzen diren ezaugarri komunak nahiz batzuk besteetatik bereizten dituzten ezaugarriak zein diren jakin dute. Beatriz Abad ikertzaileak, bere doktore-tesian, limoiaren nahiko markatzaile esklusiboa aurkitu du, eta pomeloarentzat, berriz, hiru markatzaile. Gainera, ikusi du markatzaile bakarra erabili ordez bat baino gehiago erabilita elikagai-iruzurra segurtasun handiagoarekin detektatzen dela. Halaber, oinarrizko zenbait ezberdintasun behatu ditu zenbait hatz-markaren artean, eta, erreminta estatistiko batzuen laguntzaz, egiaztatu du ezberdintasun horiek segurtasun-gradu nahiko fidagarria ematen dutela. Esaterako, laranja-zukuari pomeloa nahastu zaion edo ez nahiko erraz eta seguru esan daiteke; baita limoia nahastu zaion edo ez ere. Laranja-zukuan mandarina detektatzea, ordea, lan nekezagoa eta fidagarritasun gutxiagokoa da. Izan ere, mandarinaren eta laranjaren hatz-markek antzekotasun ugari dituzte.

Orain artean, aizundu gabeko fruitu-zukuen profil polifenolikoak edo hatz-marka polifenolikoak definitu dituzte. Etorkizunean, ordea, hatz-marka horiek merkatuan dauden zukuetan aplikatu nahi dituzte, gerta litezkeen aizuntzeak edo iruzurrak atzemateko. Dagoeneko hasiak dira lan horrekin EHUko ikertzaileak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun