Otsailean festarik festa ibiliko dira Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 22a, 19:28

Zirkua oinarritzat hartuz, mozorro eta kalejirek hartuko dituzte otsailaren 1etik 5era Sopelako kaleak. Ostiraletik asteartera ez da magia, globoflexia, zirku tailer, pailazo eta, nola ez, mozorroen desfilerik faltako. Otsailaren 3an, igandearekin, izango da azken hori, udal pilotalekuan. Santa Agedako koplek ere tokia izango dute mozorro artean. Otsailaren 4an, astelehena, lehiaketan izena emanda dauden taldeek herrian zehar abestuko dute, ohiko jantziekin. Larrabasterrako Urgitxieta plazan batuko dira 13:00etan eta, handik, udaletxera bidean abiatuko dira. Irubide, Gurea, Sertutxa eta Brendan´s Isle tabernetan ere entzungo dira euren kantak egun osoan. Azkenik, otsailaren 14an, San Valentin egunean, amodiozko eskutitzen lehiaketaren sari banaketa egingo dute, 19:00etan Hall Kulturalean. Nahi adina eskutitz bidaltzeko aukera dago otsailaren 10a baino lehen, betiere amodioarekin edota desamodioarekin lotuta badaude. Argazkian, Nikola AEK euskaltegiko lagunak udaletxe plazan kantu kantari.

Mozorro desfileari dagokionez, aurkezteko epea otsailaren 1ean 14:00etan bukatuko da eta, eskabideak, Sopelako udaletxeko Hall Kulturalean edo Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira. Lehiaketa hilaren 4an egingo dute, 18:00etatik aurrera, eta banaka (ez taldeka) baino ezin izango da parte hartu, oinarrietan (pdf, elebidun) zehazten denez. Horrenbestez, lau kategoria izango dira: 0 eta 6 urte artekoak, 7 eta 12 urte bitartekoak, 13 urtetik 20rakoak eta 21 urtetik aurrekoak, hurrenez hurren.

Santa Ageda

Sopelako Udalak antolatutako Santa Ageda bezperako txapelketan parte hartu nahi duten guztiek, berriz, otsailaren 2ra arte izango dute izena emateko aukera, Hall Kulturalean. Oinarrietan (pdf, elebidun) jaso bezala, gutxienez 10 lagunez osatuak egon beharko dira taldeak, guztiak sopeloztarrak eta berdin-berdin jantziak gainera. Izan ere, taldeak janzkera propioa eduki beharko du. Horretaz gain, sei toki zehatz izango dituzte kantatzeko: Larrabasterrako Urgitxieta plazan, 13:00etan, udaletxe aurrean, 14:00etan. Eta Irubide (Larrabasterra), Gurea, Sertutxa eta Brendan´s Isle (Sopela) tabernetan, bakoitzak nahi duen orduan. Aurkezten den talde bakoitzak 180 euroko dieta jasoko du.

Maite maitea

Hirugarren urtez antolatu du "Maite maitea" lehiaketa Sopelako Udal Kultura Sailak. Horrenbestez, interesatutako lagunek euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako nahi beste gutun aurkezteko aukera izango dute otsailaren 10era bitartean. Gaia librea izango da, beti ere maitasuna edo maitasun ezarekin erlazionaturik baldin badago. Lehiaketa bi kategoriatan banatuta egongo da: batetik, gazteak, 12 urtetik 15 urtetara eta 16 urtetik 18 urtetara arteko azpitaldeak bereiziz; eta bestetik, nagusiena, beste bi multzok osatuta: 18 urtetik gorakoak eta 60 urtetik aurrerakoak hain zuzen. Sariak, berriz, adinaren araberako ezusteko oparia eta bi pertsonentzako afaria izango dira, hurrenez hurren. Idatziak lehen aipatu eguna baino lehen eman beharko dira Hall Kulturalean (astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 21:00etara) edo Turismo Bulegoan (astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00ak arte, eta igandeetan goizez bakarrik).

Maitasun gutun lehiaketako oinarrietan (pdf, elebidun) zehazten denez, ezinbesteko baldintzak dira hauek: bi orrialdeko gehienezko luzera eta jatorrizko lanak izatea. Gutun bakoitzak izengoiti edo lelo ezberdin bat eraman beharko du. Gutun-azalean kategoria agertuko da. Honen barruan beste gutun-azal bat sartu beharko da, azalean izengoitia zehaztuz eta barruan egilearen datuak aipatuz (izen-abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia). Epaimahaiaren erabakia otsailaren 14an emango dute ezagutzera. Sari banaketa ere egun horretan izango da Hall Kulturalean 19:00etan egingo duten ekitaldian. Saria jasotzeko ezinbestekoa da ekitaldi horretara joatea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun