Igor Porturen torturak ikertzea eskatu zutenei Bizkaiko 19 gazteen auzia iker dezaten eskatu die Askatasunak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 22a, 19:47

Etzi eta etzidamu Uribe Kostako zortzi gazteren eta beste sei lagun bizkaitarren aurka Madrilen egingo duten epaiketaren harira, "Ertzaintzak buruturiko polizia operazio hau torturetan oinarritua dagoela" salatu du Askatasunak. Era berean, errepresioaren aurkako erakunde ilegalizatuak "Igor Porturekin gertatu denaren gaineko ikerketa eskatzen ibili diren" Ertzaintzaren "arduradun politikoei" zuzendu zaie hainbat eskaera egiteko: Galdakaoko auziagatik atxilotutako gazteen tortura salaketen gainean ikerketa irekitzea, eta handik eratorriko diren erantzukizunak eta erantzuleak argitu eta zigortzea; Ertzaintzak "torturapean oinarrituriko gazte hauen aurkako akusazioak" bertan behera uztea; eta Ertzaintzaren esku egondako beste 270 pertsonek salatutako torturak ere ikertu ditzaten. Bestalde, Uribe Kostako AAMk "Atxiloketak-Torturak Uribe Kostan. 2002-10-24" (pdf) txostena kaleratu du, Arkaitz Goikoetxea, Kepa Saratxaga, Urtzi Paul, Orkatz Gallastegi, Endika Lejarzegi eta Ekaitz Bilbaok jasotakoak biltzen dituena. Argazkian, txostenaren azalean agertzen den Arkaitz Goikoetxearen irudi bat, atxilotuta.

Askatasunaren oharra:

Urtarrilaren 24 eta 25ean Bizkaiko 19 gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Sekzioan, 2000ko irailaren 16an Galdakaon hainbat banketxeren aurka buruturiko kale borroka ekintza bat leporatuta. Fiskalak 3 urte kalteengatik eta 2 urte desordenak eragiteagatik eskatzen die.

Urtzi Paul Larrea (Algorta), Arkaitz Goikoetxea Basabe (Algorta), Endika Lejarzegi Olabarrieta (Algorta), Ekaitz Bilbao Goikoetxea (Algorta), Aimar Hidalgo Lertxundi (Algorta),Kepa Saratxaga Garcia (Algorta), Martin Etxegarai Mendiguren (Sopela), Gontzal Gonzalez Fando (Sopela), Urtzi Murueta Gondra (Leioa), Jurdan Martitegi Lizasu (Durango) , Andoni Beroiz Zubizarreta (Galdakao), Jon Crespo Ortega (Bilbo), Ugaitz Perez Sorriketa (Bilbo), Iker Lima Sagarna (Galdakao), Zunbeltz Larrea Azpiri (Ondarroa), Xabier Arriluzea Saiz (Galdakao), Asier Arriola Martinez (Bilbo), Gorka Lupiañez Mintegi (Durango) eta Oier Gonzalez Bilbatua (Durango).

Epaiketa honen kontrako mobilizazioak izango dira Uribe Kostan urtarrilaren 25 eta 26an.

Askatasunaren eskaera:

Ertzaintzak buruturiko polizia operazio hau torturetan oinarritua dagoela salatu nahi dugu. Une honetan, non Ertzaintzaren arduradun politikoak Igor Porturekin gertatu denaren gaineko ikerketa eskatzen ibili diren, zera eskatu nahi diegu:

- Ireki dezatela ikerketa bat gazte hauen tortura salaketen gainean. Ikertu ditzatela torturak, argitu erantzukizunak eta zigortu erantzuleak.
- Utz ditzala Ertzaintzak bertan behera torturapean oinarrituriko gazte hauek aurkako akusazioak.
- Hemendik abiatuta ikertu ditzatela Ertzaintzaren esku egondako 270 pertsonak egindako tortura salaketak.

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun