Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendak Bilbon aurkeztuko ditu UPDk larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 22a, 20:53

Union, Progresismo y Democracia (Batasuna, Aurrerapena eta Demokrazia, UPD) alderdiak martxoaren 9an Espainiako hauteskundeetan lehiatuko diren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hautagaiak aurkeztuko ditu larunbat honetan Bilboko Arriaga antzokian. Ekitaldia goizeko 12etan burutuko dute eta bertan, besteak beste, Rosa Diez Madrilgo zerrendaburuak, Fernando Savater filosofoak eta Fernando Maura PPko Gasteizko legebiltzarkide ohiak hartuko dute parte. "Espainiako hirugarren indar politikoa" izateko asmoa duen alderdi horrek nabarmendu duenez, "hautagaiak soberan" izan ditu Gipuzkoan zein Bizkaian eta Araban Kongresurako zein Senaturako zerrendak osatzeko. Izan ere, UPyDren iritziz, Euskal Autonomi Erkidegoan "alderdi konstituzionalek zerrendak osatzeko dituzten zailtasunen jabe gara guztiok". Era berean, azpimarratu dute Gipuzkoan hautagaien erdia baino gehiago emakumeak direla, Paritatearen Legea behar izanik gabe. Argazkian, Rosa Diez, hilaren 12an Madrilen emandako mitinean.

Bestalde, Alberto Ruiz Gallardon PPren Madrilgo zerrendatik baztertu izana aitzakiatzat hartuta, Fernando Maurak bere bitakoran gogoratu du Getxoko PPn zegoenean zelan saiatu zen Getxoko alkatetzarako hautagaia era demokratikoan aukeratzen eta zelan "ostrazismorik baztertzaileena" pairatzeko zorian egon zen. Maurak pasa den azaroaren 6an utzi zuen Alderdi Popularra, aurreko gauean Getxoko PPko kideak agurtu ondoren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun