Han, Madrilen, epaileen aurrean 16 gazte eseriko dira berriro, gehienak aurreko batean absolbitu eta aske utzi zituzten arren, gezurrezko akusazioak torturaren bidez lortu zirela frogatu, oraindik epaiketa-aretoko hormak lotsatzen dituzten koartadak aurkeztu eta bazka bakartzat mendekua, gorrotoa eta gezurra hartzen dituzten bertoko sasipolitikari batzuk barregarri utzi ondoren. 16 gaztek beren bizitza urratuta ikusi dute demokrata ustel talde baten doilorkeriagatik. Orain epaituko den ekintza, kasualitatez hauteskunde orokor batzuk baino bi hilabete lehenago, 2000koa da. Urteak eta urteak artega itxaroten kutxazain pare batengatik.
Eta hara, nahiz eta legebiltzarrean juzgatuko gaituzten epaitegi berezien aurka eta tratu txarren bidez sortutako epaiketa guztiak amaitutzat jotzearen alde mintzatu, hirukoteak, hirurek, beren kaputxadunak bidaliko dituzte ostera ere helburu bakarra buruan: gure seme-alabak espetxean usteltzea eta gurasook, horren ondorioz, gaixotzea. Zein denbora gutxi igarotzen den beren hitz politak bezain faltsu eta elektoralak irents ditzaten!
Han, Madrilen, eta hau benetan garrantzitsua da, akusatuen artean, lagun bat, seme bat, anaia bat daukagu zain. Bi aldiz atxilotua, beste horrenbestetan torturatua eta beste horrenbestetan askatua; eta, orain dela gutxi, hirugarrenez atxilotua eta hirugarrenez torturatua. Hau marka! Hor daukagu zain, asmatu duzue, Gorka Lupiañez. Gure lehen begirada, aretoan sartzean, gure lehen irribarrea, altxatuko dugun lehen besoa eta gure lehen kemen oihua berarentzat izango dira eta, gero, gainontzekoentzat: Jon, Ugaitz, Iker eta abarrentzat. Ez dakit diodana apologia eta goraipatzearen definizioarekin bat datorren ala ez. Bihotza elkartasunaren bidetik abiatzen denean, ibiltzen utzi behar zaio, geldiaraztea gaiztakeria izango litzateke-eta. Eutsi goiari, Gorka! Epaiketa honetan, baliteke Balzaren ordezkarien artean, bionboaren atzean, hirukotearen ziegetan suntsitu arte torturatu zintuztenaren ahotsa entzutea. Badakizue, baina errepikatzea izugarri atsegin dut. Bagaude, egon ginen eta egongo gara beti zuekin guztiekin. Tinko eutsi genion eta gero eta gehiago gara, sortu den igarle batek, EiTBren objektibotasuna txiki-txiki egin zuenak, bere alderdiak urte gutxitan ordezkarien erdiak galdu dituela ikusi duenak, bere lehen iragarkian, azukrearen moduan berari gustatzen ez zaizkionak, bere helburuetarako oztopo bihurtu direnak desagertuko direla esan badu ere. Hori azkarra! Hori domingotar bilduma, gordeta izan duzuena, burukide! Ondo ikasiak daude, baina subkontzienteak traizionatzen ditu!
Han, egun hartan, ondoko gelaren batean, hori kasualitatea, Marian ere egongo da, bere herriak emandako boterearekin kontsekuentea izateaz gain, nornahi maitatu, gorrotatu, goraipatu, kritikatu, txalotu, besarkatu eta gogoan izateko erabateko eskubidea duena. Horixe besterik ez genuen behar! Hori ote da, Koki, lehen urratsa preso dauden beren seme-alaben argazkiak harrotasunez eramaten dituzten amak atxilotzeko? Zenbat zarama eta zelako kiratsa, Koki!
Amaitzeko, epaiketa-aretoan gurekin Tontxu eta Joseba sailburuak Jon Mirenarekin batera egotea nahi nuke, gure seme-alabei egotzi nahi dieten kontu hau grabatzeko eta barreiatzeko. Koki, zu ere bertan azaltzea eskertuko nuke, zure lagun Rubalcabak pribatuan kontatu dizkizun gertaera beldurgarriak niri jakinarazteko. Arartekoa egotea ere ez litzateke txarra izango, zuk, Iñigo, zuzenean egiazta dezazun zein egiazkoak izan ziren zure ondorio ausartak hirukoteak gure seme-alabei bere ziegetan emandako tratuari zegokionez.
Aurrera, mutilak! Ez kezkatu zuen gurasoengatik! Inoiz baino tinkoago gaude. Zenbat eta txartoago, orduan eta hobeto? Baliteke. Zapaltzailearen eldarnioak gu arrazoiz betetzea baino ez du lortzen. Eta mundua ikusten ari da. Kaiolan egongo gara.
Luis Beroiz torturatutako akusatu baten aitak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.