Algortara ere helduko da Munduko Gizarte Foroa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 23a, 20:49

Astelehenean hasi eta larunbatera arte luzatuko den Ekintza Globalerako Astearen (pdf) barruan, elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, urtarrilak 25, Algortako Getxo Antzokian, ELA sindikatuak. Kontzentrazioa 12:00etan egingo dute, "Beste eredu baten alde: gizarte eskubideak, gizarte laguntzak!" lelopean. Aurretik, "Zaindua izateko eskubidea" lelopeko mintegia egingo dute bertan, 10:00etan, zainketak behar dituzten lagunentzako sistema publiko eta unibertsala aldarrikatzeko asmoz. Lan erakunde abertzalearekin batera, besteak beste, CCOO, LAB, EHNE, EILAS, ESK, Bizkaiko emakumeen asanblada, Ekologistak Martxan eta Ikasle Abertzaleek antolatu dute neoliberalismoaren aurkako mobilizazio astea, aurtengo Munduko Gizarte Foroarekin bat eginez. Argazkian, ELAko kideak 2005eko otsailaren 20an erreferendumean bozkatuko zen Europako Batasuneko Itun Konstituzionalari ezetza emateko eskatzen algortarrei.

"Mundua bestelakoa ere izan daiteke" aldarrikapen nagusitzat hartuz, 2001ean bildu zen aurrenekoz Munduko Gizarte Foroa. Aurten, ordea, ez dira toki bakar batean gauzatuko ekimenak. "Prozesu hori bultzatu dugun gizartemugimenduok, taldeok eta sindikatuok mobilizatuko gara, zein bere tokian, Lurraren luze-zabalean, erresistentziaren ahots bakar eta anitz batez", adierazi dute Ekintza Globalerako Astearen antolatzaileek. Horrela, Foroaren Printzipioen Gutunaren inguruan, erakunde horiek 2008ko Munduko Gizarte Foroarekin bat egin, eta astelehenetik ekitaldi ugari egiten dabiltza: hitzaldiak, mahainguruak, elkarretaratzeak... Besteak beste, indarkeria, ustiapena, lan-prekarizazioa, bazterkeria, pobrezia, gosea, askatasun-murrizketa, ingurumen-hondamena eta eskubideen ukapena jorratuko dituzte. Amaitzeko, manifestazioa egingo dute larunbatean, Bilbon, planeta osoan zehar burutuko diren ekitaldiekin bat eginez.

Ekintza egun globala

Izan ere, urtarrilaren 26a izendatu dute ekintzako egun globala, Suitzako Davos hirian Munduko Ekonomia Foroa egingo duten egun berean, alegia, "elite neoliberalen bilkura horri egiten diogun erresistentzia ageriago uzteko". Davosko bilkura garrantzitsu hori egiten duten artean, planetako bazter guztietan, eta guk Bilboko Arriaga antzokian, haien politiken aurka azalduko gara", adierazi dute. Gaineratu dutenez, Munduko Gizarte Foroa topagune irekia da, non gizarte-mugimenduak, sareak, gobernuz kanpoko erakundeak eta beste hainbat elkartzen diren, "neoliberalismoari, kapitalaren menpeko munduari eta inperialismo mota guztiei aurre egiteko, pentsatzeko, ideiak demokratikoki eztabaidatzeko, proposamenak azaltzeko, esperientziak elkartrukatzeko, eta sare eraginkorrak sortzeko".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun