Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak
EHAK eta
Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE) ilegalizazioa hauteskunde kanpainaurrean bete-betean abiatu izana kritikatu du gaur goizean, Getxoko PPk Areetan duen egoitzan, Esperanza Aguirre Madrilgo Erkidegoko presidenteak. "Justizia ministroak behin esan zuen aipatu alderdiak legez kanpo uztea jokaldiaren araberakoa izango zela. Dirudienez, 'elektoralismoa' du izena jokaldiak", adierazi duenez. "Berandu sekula ez" dela aipatu arren, "2006an eskura zegoenean egin izan balute, ETAren zati baino ez den hori hainbat instituzioetan egongo ez" litzatekeela esan du buruzagi popularrak. Gaurko prentsaurrekoan (argazkian) lagun zuen Maria San Gil Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidenteak ere
"nolabaiteko hauteskunde kiratsa" igarri dio erabakiari. Azkenik, Ignacio Astarloa Diputatuen Kongresurako popularren Bizkaiko hautagaiak PSOEk 2005etik aurrera egindakoa "engainutzat" jo du, "epaileari orain aurkeztu dizkion agiriak eskura zeuzkala, horiek biltzen ari zela esaten ibili delako". Euskal Enpresaburuen Zirkuluak gonbidatuta
egindako bisitan, Antonio Basagoiti Bizkaiko PPko burua eta Marisa Arrue Getxoko popularren bozeramailea ere izan ditu ondoan Aguirrek. Baliteke zinegotzi getxoztarra Diputatuen Kongresurako Bizkaiko zerrendetan bigarren joatea, Madrilgo Erkidegoko presidenteak adierazitakoaren arabera. Bitartean, EAE eta EHAK alderdiak legez kanpo uzteko prozedura ostiralean abiatuko dutela
iragarri du Mariano Fernandez Bermejo Justizia ministroak.