Goizeko 10ak aldera, 40 bat lagun elkartu dira Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean, gaur bertan Espainiako Auzitegi Nazionalean hasi den
14 gazteren aurkako epaiketa salatzeko. Gurasoak elkarteko Jesus Gonzalezen hitzetan, Ertzaintzak 2002ko azaroan burututako sarekadaren ondorio da auzi berri hori: "batetik, Arkauten jasandako torturen pean egindako deklarazioetan oinarritu dira epaiketa abiarazteko. Bestalde, dagoeneko (beste auzi batzuengatik) epaituak izan dira gazteetako batzuk, baita kondenatu ere, bizitza osorako kartzela zigorra ezarriz", salatu duenez. Besteak beste, hori litzateke
Aimar Hidalgo algortarraren kasua; sarekada horretan atxilotu eta, egun, Sorian preso dagoena zazpi urte eta erdiko zigorra betetzen, 2000ko abuztuaren 11n Algortan autobus bat erretzea leporatuta. "Gauzak zelan egin dituzten" eta orain arteko sententziak "oso gogorrak" izan direla kontutan hartuz, "gazteak kriminalizatu eta bide politikoa zapuztu" nahi dutela salatu dute Gurasoek. Argazkian, "Gazte kriminalizatuak = epaiketa politikoak" irakur zitekeen pankartari eutsi diote Bilbon bildutakoek.