“Gobernu ona” aztertzeko aukeratu dute Getxo

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 24a, 18:44

Getxoko Udala tokiko administrazioen “gobernu ona” ziurtatzeko sistema berri baten aplikaziorako aukeratu dute, udal iturriek jakinarazi dutenez. Ekimena, IWA 4 izenekoa, International Standard Asociation-ek (ISO) bultzatu du. Horrenbestez, otsailaren 11, 12 eta 13an, hiru pertsonako lantalde batek udal arduradun ezberdinak elkarrizketatuko ditu, udalerriaren egoera baloratzeko, IWA4 deritzon sistema honen gutxieneko 39 adierazleak kontutan hartuta. Adierazleok lau multzotan sailkatzen dira, gaiaren arabera: gobernu onerako garapen instituzionala, ekonomi garapen iraunkorra, gizarte garapen eraginkorra eta ingurumen garapen iraunkorra. Imanol Landa alkatea oso pozik agertu da “esperientzia honetan parte hartzeko aukeratuak izan garelako” eta, ekimena, “Udala garatzen ari den kudeaketaren bikaintasuneko ardatz estrategikoarekin bat egiten duela” gehitu du. Argazkian, Iñaki Zarraoa aurreko alkatea zilarrezko Q-a jasotzen, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren eskutik.

Era berean, eta kudeaketaren bikaintasunaren lerro horretako ekintza bat gehiago bezala hartuz, Gobernu Batzarrak izaera ofiziala eman dio, bere azken batzarrean, aurreko legegintzalditik funtzionatzen zuen koordinazio teknikoko organoari. Organo hori, Koordinazio Batzorde Teknikoa deritzona, Udaleko sail eta erakunde autonomo guztietako arduradun teknikoek osatzen dute, baita lehen alkateordeak, Kalitate Zerbitzuko zinegotziak eta alkateak berak ere (Landa da batzordeko lehendakaria). “Aurreko legegintzaldian batzordeak ez zuen izaera ofizialik, baina kudeaketaren bikaintasunari eman behar zaion garrantzia kontuan izanik, urrats hori eman dugu”, azaldu du udal agintariak. “Urrats bat gehiago da gobernuan bultzatzen dugun barruko eta kanpoko politika parte hartzailean”, gaineratu duenez. Batzorde honek Getxoko Udalaren kudeaketa sistema finkatzen du, kudeaketaren kalitatean zilarrezko Q-a eman zitzaiona.

Eginkizunak

Legegintzaldiko Planean jasotako jarduketa plan nagusien koordinazioa, berrikuspena eta jarraipena egitea, gobernu taldeak planteatzen dituen gaietan aholkua ematea, udaleko gobernu taldeak hartutako erabakiak modu eraginkorrean garatzeko baliabideak koordinatzea, informazio instituzionala erakundearen osotasunera bideratzea, erakundearen iritzia udalaren kudeaketan txertatzea, eta kalitate plana bultzatzea eta beraren jarraipena egitea dira haren eginkizun nagusiak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun