Ruben S. Bakaikoa: "urtarrilak 26: etxean borrokatuz, bestelako mundu beharrazkoa eraiki"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 24a, 21:44

Munduko Gizarte Foroak, nazioarteko kontseiluaren bidez, dei egin zuen urtarrilaren 26an "action day" bat (ekimen / ekintza eguna) munduko herriotan bakoitzak ikusten dugun erara antolatu dezagun: Tokian tokian, tokian tokikoa. Globalizazioaren aurkako mugimenduan parte hartu izan dugunok asko eta kolore askotakoak gara, eta ez da arraroa Munduko, Europako zein Euskal Herriko gizarte foroetan iritzi bestelakoak, baita aurkakoak ere topatzea. Etxean ere bai. Finean 'Zer da globalizazioa eta nola ekin bere aurkako mugimenduan' galderei zer erantzun ematen diegun dira askatu beharreko korapiloak. Globalizazioa, Wikipediaren definizio luzearen puxka baten arabera, neoliberalismoak bultzatzen duen "mundu mailako merkatuaren batasuna" da, "gaur egun bizi dugun globalizazioa, (mundializazioa), kapitalismo basatiaren zabalkuntza dela salatzen du globalizazioaren aurkako mugimenduak" ere eransten du. Eta nola zabaltzen da kapitalismo basatia? Nola lortzen du merkatua?

Denoi etortzen zaizkigu gogora pentsamendu bakarra, transnazionalen zabaltzea, Alaskan eta Hegoafrikan hanburgesa berdina jan 'ahal' izatea, musika bera entzutea, arropa berdinak janztea... Merkatuak berak, pizti erraldoi horrek, badu nahikoa indar herri gehienetan beste mundu (posible eta beharrezko) baterako zirrikiturik ere ikusten ez uzteko. Baina badira herriak eta herritarrak uniformizazio horren kontra borrokatzen direnak, beren herriak merkatuan salgai egotea onartzen ez dutenak, herrien eta pertsonen eskubideen alde borrokatzen direnak.

Merkatuaren Inperioak, ordea, garesti ordainarazten du errebeldia: okupazio militarrak, disidentziaren kriminalizazioa, oinarrizko eskubideen ukazioa, ilegalizazioak, Palestina, Kuba, Irak, Afganistan, Kolonbia, Txetxenia, Venezuela, Kurdistan... Euskal Herria.

Jakina herri bakoitzaren askapen prozesua/borroka eta gatazken egoera ez dira berdin. Baina ezberdintasunen gainetik elkartasuna ezarri behar dugu, elkartasuna elkarren errespetuan oinarritua. Ideologiak, erlijioak, babes armatuaren erabilera... herrien egoerak erkatzea zaila da, batzuek, ordea, oso azkar egiten dute, jakina, guk baino askoz azkarrago: neoliberalismoaren aro globalizatzaile honetan herriak desagerrarazteko formulak abiadura handian garraiatzen dituzte herri batetik bestera:

Kurdistanen DTP alderdia ilegalizatzeko Turkiak Estatu Espainolak Batasunarekin ilegalizazioa gauzatu izana erabiltzen du zilegitasun gisa, PCE(r) ere ilegalizatua izan da lege berdinarekin, Txekiako gazteri komunista ere ilegalizatua izan da, Alemanian izan zen azken G8-aren gailurra izan aurretik ezkerreko kideak atxilotuak izan ziren sorgin ehiza batean 'ezer' gertatu aurretik eta manifestazioak debekatuak, espainiar legedi antiterrorista ere mimetikoki kopiatzen du Txilek maputxeen aurka... Tortura metodoak polizi batzuengandik besteengana trukatzen dituzte berriki Gorka Lupiañezi guardia zibilek jakinarazi bezala, guardia zibil horiek, berriz, latinoamerikara bidaltzen dituzte, militar sionistak Kolonbiara, marine eta mertzenario berdinak Kurdistan, Irak, Afganistan edo Txetxeniara...

Batetik transnazionalak, estatu inperialistak eta eredu ekonomiko/politiko bera: kapitalismoa eta bere interesak, hau da, lur baliabideen eta herrien kontrola; eta bestetik burujabetza aldarrikatzen duten herriak, eskubideak borrokatzen dituzten herritarrak.

Gure herriak gordinki pairatzen ditu globalizazioaren eraginak: euskara eta euskal kulturaren zapalkuntzan, Ama Lurraren suntsipenean, lan prekarietatean, bai eta alderdi politikoen ilegalizazioetan, hedabideen itxieretan, disidentziaren kriminalizazioan... Nola borrokatu globalizazioaren aurka? Herri honek hamaika aukera eskaintzen ditu hainbat erakunde eta herri mugimendutan, arloz arlo bestelako Euskal Herri bat eraiki dezagun. Guztioi dagokigu borobilean eseri eta oinarrizko adostasunak bilatzea, oinarrizko gakoetan Euskal Herria ahots aniztun herri bakar gisa aurkeztu dezagun.

Globalizazioak zapaltzen dituen munduko gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik onena bestelako Euskal Herri bat eraikitzea da, beste herri txiki baina beharrezko bat, bestelako mundu bat eraiki dezagun, posible eta beharrezkoa den hori. Nolakoa? Borobilean eseri eta ikusiko dugu. Non? Euskal Herriko Gizarte Foroan.

Ruben S. Bakaikoa Askapenako kideak gaur Euskal Herria Indymedian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun