Herritar guztiei zuzendutako idatzian, "erabakiak hartzerako orduan koldarkeria eta beldurra" izatea ere leporatu diete independenteei Plentziako Presoen Lagunek: "Hauteskunde orokorrak hain hurbil, orduan ere izango zarete gai, orain egin duzuen bezala, ekitaldi politikoak aurrera eramateko leku publikoak erabiltzeko baimenei ezetz esateko?" galdetu diete. Amaitzeko, emandako ezetzarekin, "Plentziako Uriko herritarrekiko errespetu falta itzela erakustea" egotzi diete.
Plentziako Presoen Lagunek plazaratutako idatzia:
Plentziar guztiei:
Idatzi honen bidez gure iritzia azaldu nahi dugu urtarrilaren 20an Fernando Etxegarai Gaztearena "Pinki" preso politiko ohiari ongi etorria egiteko gauzatu genuen herri-bazkaria Jai Alai frontoian egiteko baimenari Plentziako Independenteen taldeak emandako ezetzaren aurrean.
Urtarrilaren 9an, aipatutako omenaldia prestatzen ari ginela, Plentziako Udalaren laguntza eskatu genuen Plentziako Presoen Lagunak elkartearen izenean: aulki eta mahaiak uztea eta herri-bazkaria Jai Alai frontoian egiteko baimena eskatu zitzaizkion.
Plentziako Independenteen erantzuna ezezko borobila izan zen. Zergatik? "Hautesleen talde bat izanda, eta ez alderdi politikoa (Plentziako Independenteak), inoiz ez dugu ekintza, ekimen edo mozio politikorik onartu, horregatik, gure ibilbidearekin koherente izateko eta ikusita zuen eskaeran zantzu politikoak daudela, adierazi behar dizuet, zoritxarrez, zuen eskaerari ezetza eman behar diodala". Sinadura: Isabel Zarauza Norato.
Gure erantzuna:
Urtarrilaren 15ean zuk bidalitako idatziari erantzunez, gogorarazi nahi dizugu lehenengo eta behin guk egindako kolaborazio eskaera (Jai Alai frontoian herri-bazkaria egiteko baimena eta mahaiak eta aulkiak uzteko eskaera, hain zuzen) Plentziako Udalari zuzentzen zitzaiola, eta ez Plentziako Independenteen taldeari. Erakunde honek izandako jarrerak, alkate andrea (zu zeu) buru, argi frogatu du honek dagoeneko udaletxea eta bere etxea nahasten dituela, baina gogora dezagun udaletxea herritarrengandik hurbilen dagoen erakunde publikoa dela. Berriro ere, beste legealdietan gertatu den bezala, argi ikus dezakegu herriko agintariok aginduak inposatzen dituzuela, adostasuna lortzeko saiakerarik egin gabe.
Horrez gain, udalaren laguntza ezak argi eta garbi erakutsi dizkigu zuen koldarkeria eta beldurra erabakiak hartzerako orduan. Hauteskunde orokorrak hain hurbil, orduan ere izango zarete gai, orain egin duzuen bezala, ekitaldi politikoak aurrera eramateko leku publikoak erabiltzeko baimenei ezetz esateko?
Amaitzeko, zuen ezetzarekin, Plentziako Uriko herritarrekiko errespetu falta itzela erakutsi duzuela azpimarratu nahi dugu. Plentziako herritarra den Fernando Etxegarai Gaztearenaren ongi etorria ospatzeko urtarrilaren 20an egindako herri-bazkarian plentziar ugarik hartu zuen parte, zuen boikotaren gainetik, giro ezin hobeaz gozatuz eta Pinki eta bere senideei euren elkartasunik zintzoena erakutsiz.
Euskal presoak etxera!
Plentziako Presoen Lagunak