Fredi Paya: "elkartasunaz"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 25a, 09:19

Kapitalismoak arin ikasi zuen eskuineko gizarte kontzientziatua baino errazago gobernatzen dela desideologizatutako jende multzoa. Pentsatzen duena desadostasunera heldu ohi delako. Bigarren baldintza, legea eta ordena nagusi zitezen, pasibotasuna zen. Gura duzuna pentsatzeko eskubidea, koherenteki ekiten ez duzun artean. Garrantzitsua da ikustea indartsuenaren legean oinarritutako sistema honek eragin digun jokamoldeak, zelan transformatu dituen filosofikoki arrotzak zaizkion, beste gizarte eredu batenak diren, balioak. Adibiderako, solidaritatea. Zure auzokoari etxea erretzen badiote, solidaritatea ez da bere etxea erre izanaren aurka zaudela pentsatzea. Eta ausardia kasurik handienean, esatea. Elkartasuna balde bete ur hartu eta sua itzaltzen ahalegintzea da. Etxea konpontzen laguntzea eta konpontzen duen artean zure etxean lekua eskaintzea. Atzo arte izan ginen nekazari gizartean beti egin izan den modura. Argazkia: Koska irratia.

Izan ere, niri bortz zure barne munduan zer pentsatzen duzun, ezer ere egiten ez baduzu. Zure ekintza ezak zure axolarik eza transmititzen dit, eta hori estaltzeko esaten dituzun gauza guztiak ondoriorik ekarriko ez dizuten usteak adoretutako hitz hutsak dira. Kaltetu orok behar duena babes erreala da. Bitez abadeentzat konfesio, pasibokeriak sorturiko errudun sentipen eta justifikazio pertsonalak.

Erraz deklaratzen dugu geure burua solidario, baina inork ez nau konbentzituko elkartasun teoriko hutsa posible dela. Hasi sentimenduen norabidean mugitzen eta ikusiko duzu, lehen solidarioa zinela esan gura zenuenean zure "de facto"-zko indiferentziak sortzen zizun minaz baino ez zenbiltzala.

Fredi Payak gaur "Berria"n argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun