Hilero bezala, gaurko, urtarrileko azken ostiralerako, hainbat kontzentrazio deitu du
Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak Euskal Herri osoan. "Gaixoak eta espetxe zigorra bete dituztenak askatu! Euskal Presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe!" aldarrikapen nagusiaren harira, Uribe Kostan eta Erandion zortzi hitzordu izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Algortan, Telletxe plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Aipatu protestetan Espainiako Auzitegi Nazionalean
epaituak izaten ari diren gazteak ere gogoan edukiko dituzte, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Arkaitz Goikoetxea ihes eginda dagoela kontuan hartuta, Algortako Urtzi Paul, Endika Lejarzegi, Ekaitz Bilbao, Aimar Hidalgo eta Kepa Saratxaga; Berangoko Martin Etxegarai, Sopelako Gontzal Gonzalez eta Leioako Urtzi Murueta epaitzen dabiltza. Elkarretaratzearen ondoren, ostiralero bezala, taloak egingo dituzte Leioako Kurkudi tabernan.