Espainiako Audientzia Nazionalean Bizkaiko 16 gazteri egiten ari zaizkien epaiketaren atzoko bistaren xehetasunak eman dituzte gaur Gara eta Berria egunkariek. "Non zeunden gertakizunen egunean?" galdera entzunda, "Alcala Mecon (Madril) negoen, kartzelan", erantzun zion Kepa Saratxaga algortarrak bere defentsa abokatuari, aipatu iturrien arabera. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, "torturak berriro agerian gelditu dira". "Auzipetuek adierazi bezala Ertzainek egindako tortura eta mehatxuz sinarazitako deklarazioetan oinarritzen dira akusazio guztiak. Saratxagaren kasuan hiru auzipetuk sinatu behar izan zuten gertaera horietan izan zela", gaineratu du errepresioaren aurkako erakundeak. Bestalde, Urtzi Murueta leioaztarra Frantziatik estraditatzeko eskaeran ez zen oraingo sumarioa aipatu eta, horretara, ezin dute horregatik epaitu, AAMk jakinarazi duenez. 2000ko irailaren 16an, Galdakaoko jaiak zirela, hainbat banketxe eraso izana leporatzen diete guztiei. Argazkian, Saratxaga ezkerrean mahaian eserita, herenegun Zazpi Kaleetako Gaztetxe plazan auziperatuek emandako prentsaurrekoan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!