Bizkaiko 16 gazteri egiten ari zitzaizkien epaiketa amaitutzat eman dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Horrenbestez, leporatutako kale erasoak gertatu zitenean Alcala Mecon (Madril) zegoen Kepa Saratxaga algortarraren eta adinez txikia zen Martin Etxegarai berangoztarraren kontrako akusazioa baztertu du Vicente Gonzalez fiskalak,
Garak zabaldutakoaren arabera. Halaber, Gontzal Gonzalez sopeloztarra eta Ekaitz Bilbao eta Aimar Hidalgo algortarren aurkako "froga nahikorik ez" dagoela ondorioztatu du akusazioak, "epaiketan baiztatu ez den inputazio bakarra dagoelako haien aurka", tortura eta tratu txarrak salatu zituen Urtzi Paul algortarrarena, aipatu iturrien arabera. Beste gazteentzat 5 urteko zigor eskaera mantendu du fiskalak, Paul bera eta Endika Lejarzegi (Urtzi Murueta leioaztarra Frantziatik estraditatzeko eskaeran ez zen oraingo sumarioa aipatu eta, horretara, ezin dute horregatik epaitu). Abokatuek, baina, gainontzeko bederatziak ere absolbitzeko eskatu dute, "haien aurkako froga nahikorik ez" baitago, auzipetutako guztiek "torturek autoinkulpatzera behartu zituztela" salatu ostean. Argazkian, astelehenean Zazpi Kaleetako Gaztetxe plazan auziperatuek emandako prentsaurrekoa.