Iñigo Urkullu: "demokrazia amildegirantz ote doa?"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 25a, 20:42

Nola uler daiteke epaitegi batek aplikatutako interpretazio printzipioek bankari bat ardura penal gabe uzteko oinarri izatea eta ezaugarri berak dituen prozedura batean auzitegi horrek berak, bere irizpideak ahaztu, eta hiru ordezkari publiko zigortzea? Nola uler daiteke auzi bat artxibatu ostean eta epaitegiek bi absoluzio-epai eman eta gero, irakurketa juridikoa zigor epai bat lortu arte bihurritzea? Nola uler daiteke mundu osoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia, Ministerio fiskala...) huts egitea legearen interpretazioan eskuin muturreko, sistemaren aurkako eta izaera demokratiko zalantzagarriko sindikatu baten egia juridiko korapilatsu eta basatiak salbu? Nola sinets daiteke, Zerga Ministerioaren irizpidearen beraren kontra eta muturreko sindikatu baten herri-akusazioa euskarri bakar hartuta, zigor-epai bat lortu arte bere jarduera gelditu ez duen auzitegi baten independentzian? Nola sinets daiteke ekin eta ekin, ekinaren ekinez egin esaera zaharraren ageriko adibidea eman digun auzitegi baten independentzian? Argazkian, Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakaria.

Inolako zalantzarik gabe, Juan Maria Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao desobedientzia delitu bategatik zigortzen dituen Espainiako Auzitegi Gorenaren asteleheneko epaia demokrazia ezarri zenetik Espainiako Estatuaren botere bateko ordezkariek euskal gizartearen borondate demokratikoaren aurka hartu duten erabaki larrienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da.

Epaiak zigortuengan izango duen eragin pertsonala larria bada ere, are eta larriagoa da Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiak esan nahi duena: euskal erakundeen aurkako eraso zuzena, bereziki Eusko Legebiltzarraren, Euskal Autonomia Erkidegoaren erakunde legegilearen kasuan. Izan ere, euskal erakundeen lan esparruan sartzen da epaia, lege-hauste argia gauzatuz eta beraien jarduna deslegitimatuz. Eusko Legebiltzarraren kasuan, gainera, bere independentzia, autoantolakuntza eta legitimazioa kanpoko botere baten interferentziak saboteatu du; ez hori bakarrik, ezin dugu ahaztu interferentzia hori botere banaketaren aurkakoa dela, indarrean den ordenamendu juridikoak ezarritako bere esentzia berezituaren aurkakoa.

Erabakia garrantzitsua dela ere nabarmendu dugu, eta hala da. Izan ere, Auzitegi Gorenak euskal herritarrok Konstituzioaren zortzigarren tituluaren babesean, hots, Gernikako Autonomia Estatutuan, Espainiako Estatuarekin ezarri genuen elkarbizitza erakunde komunetako bati eraso dio momentuz.

Momentuz diogu; izan ere, euskal autogobernua amaitu nahi dutenek txaloka hartu duten azken erabaki politizatu hau hemen ez dela geratuko uste dugu askok. Izan ere, beldur gara erabat defenda ezina den euskarri juridiko batekin apaindutako epai honen ostean elkarrizketa politikoa ere zigortuko ez ote den; horren ondorio praktikoa Euskadiko ordezkari instituzional gorena, Ibarretxe lehendakaria, zigortzea eta ezgaitzea litzateke.

Auzitegi Gorenaren epaia ez da zoriaren ondorio, ezta kasu bakana ere.

Euskal autogobernuak bete dituen ia hogeita hamar urte hauetan, hauteskundeetan adierazitako borondate politikoa, Euskadiren eta Espainiako Estatuaren artean hitzartutako elkarbizitzarako marko juridiko-politikoak sistematikoki murriztu, mugatu eta birmoldatu dituzte. Batzuetan ekintza politikoaren bidez egin dute, eskubideak urratzen dituzten legeak medio; besteetan, gehienetan, erasoak euskal autogobernuaren desnaturalizazioaren zerbitzura aritu den justizia politizatuaren jardunbide iraunkorrak eta tematiak egin ditu. Zehaztugabeko eskumen markoak, kudeaketa gaitasuna mugatzeak, epai uniformatzaileak... Bata bestearen atzetik iritsi zaizkigu azken urteotan, hein handi batean diktaduratik demokraziara inolako trantsizio gabe eta birziklatze demokratikoa behar bezala egin gabe igaro zen botere judizialaren deriba etengabeari esker.

Hala ere, azkenaldian, epaile eta organo judizial batzuen bokazio politikoak gaur egun bizi dugunaren pareko muturreko egoerak sortu ditu epaileek politikan duten esku-hartze neurrigabea dela eta.

Inboluzio politikoko arrisku larria aurrez aurre dugula pentsarazten diguten gertakarien zerrenda luzea da: Auzitegi Gorena bera saiatzea Kontzertu Ekonomikoa bertan behera uzten izatezko bideak erabiliz -aurki egingo da Luxenburgoko Auzitegian epaiketa aurreko bista-; ideiak eta alderdi politikoak legez kanpo uzteko aplikazio arbitrarioko salbuespenezko legeak balioztatzea gizartearen zati baten eskubide zibilak urratuz eta zati horri bere ordezkariak askatasunez aukeratzeko eskubidea ukatuz; Atutxaren, Knörren eta Bilbaoren aurkako epaiak islatzen duen Legebiltzarraren jardueraren eta autonomiaren mendekotasuna; bakea lortzeko elkarrizketa kriminalizatzea lehendakaria eta beste ordezkari batzuk prozesatzeak erakusten duen bezala.

Politizatutako justiziaren estrategiak definitutako helburuekin bat egiten duten baten batzuek esango dute idatzi hau sinatzen dugunon helburu bakarra epaileak presionatzea dela eta epaiak aldekoak ditugunean bakarrik onartzen ditugula. Era berean, gure ordezkari instituzionalak legearen gainetik jarri nahi ditugula esango dute. Hori, baina, ez da egia.

Botere independentea izango den Justizia Administrazioa nahi dugu, baina inola ere ez dugu onartuko autonomia politikodun boterea den Justizia.

Gure xedea ez da ez epaileak presionatzea, ez beren inpartzialtasunari kalte egitea. Ez dugu mesede judizialik nahi, ezta gure erakundeak eta ordezkariak legearen gainetik jartzea ere.

Gure ahotsa altxatzen baldin badugu, demokrazia amildegira daraman estrategia bat salatu beharra dugula uste dugulako altxatzen dugu. Epaile zehatz batzuk partisano gisa, herritarren borondatearen aurkako ariete gisa, erabiltzen dituen estrategia bat salatzeko altxatzen dugu ahotsa. Eta herritar horien ordezkari garen aldetik, sekula baino gehiago, ekintza politikoa aldarrikatzen dugu, eta, harekin lotuta dagoelako, elkarrizketaren balioa ere bai. Elkarbizitza eta elkar ulertzea galarazten duten oztopo eta prozedura judizial biziatu gabeko ekintza politikoa eta elkarrizketa askea. Politikari eta elkarrizketari ezezkoa ematea gure herriak dituen arazo eta gatazka politikoak konpontzeari ezezkoa ematea da.

Egun bide judizialak erabiliz higaturik dauden erakundeak euskal gizartearen borondatearen fruitu dira. Gaur eta etorkizunean ere euskal herritarrek beren oraina eta etorkizuna erabakitzeko adierazten jarraituko duten borondatea.

Helburu horrekin, euskal erakundeen eta beren ordezkarien legitimitatearen eta duintasunaren defentsan, eta demokratikoki azaldu duen borondateari errespetua exijitzen duen Herri baten erantzun gizalegezko gisa, euskal herritar guztiak bakean manifestatzera deitzen ditugu bihar, larunbata, urtarrilak 26, 18:00etan Bilboko kaleetan zehar Gure erakundeen alde lelopean.

Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakaria, Unai Ziarreta EAko lehendakaria eta Javier Madrazo Ezker Batuko koordinatzaileak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun