Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiek (EAJ, EA eta Ezker Batua) euskal gizarteari dei egin diote "Gure erakundeen alde" lelopean, larunbat honetan, urtarrilak 26, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. Euskal gizartearen borondatea "faltsutu" ezin daitekeela adierazi dute ekitaldi horretako hiru deitzaileek. Bihar egingo den manifestazioa Juan Mari Atutxa (argazkian), Gorka Knörr eta Kontxi Bilbaoren aurkako sententziaren harira deitu dute, 18:00etan, Jesusen Bihotzaren plazan eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria bera izango du buru, Eusko Jaurlaritzak ere bat egin baitu deialdiarekin. Ezker abertzaleak, ordea, horrekin bat ez egiteko eskatu du. Martxa hori "egoera berarekin jarraitzeko iruzur" bat dela eta "PSOEk salbuespen egoera ezarri" duela "Euskal Herrian" adierazi du Karmelo Landak. Bitartean, manifestazioaren leloarekin "erabat ados ez" dauden arren, Bilboko martxan parte hartzea erabaki dute Aralarrek "Euskal Herriak pairatzen dituen eraso guztiak salatzeko".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!