Epaitutako gazteen aldeko eguerdiko manifestaziora joatera deitu du AAMk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 25a, 23:06

Etxeratek hileko azken ostiralerako egindako deialdiarekin bat eginez, 170 lagun inguru elkartu dira Algortako Telletxe plazan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko. Horrenbestez, larunbat honetan, urtarrilak 26, 13:30ean Telletxetik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Iluntzean, ordea, ez da Algortan mobilizaziorik egingo, "gaizki ulertzeak gora behera, komunikabideek zabaldu dutenaren kontra". Bizkaiko 16 gazteri Espainiako Auzitegi Nazionalean egin dieten epaiketa salatzea izango du helburu eguerdiko martxak. Bestalde, hilabetea Txagorritxu ospitalean eman ostean, dagoeneko Anjel Figueroa preso gaixo algortarra Langraitzeko espetxean dago, errepresioaren aurkako erakundeak jakinarazi duenez. Azkenik, Kabo Berden hil den Endika Iztueta santurtziarra gogora ekarriz, euskal iheslari politikoek "egoeraren laztasuna" nabarmendu du AAMk eta, bihar, Santurtziko parketik 19:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu du. Argazkian, 16 gazteen epaiketa salatzeko Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin zuen Gurasoak elkarteak.

Anjel Figueroa preso gaixo algortarraren egoeraren inguruan "bere kezka" agertu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. "Epilepsia krisialdi larriak sufritu ostean ospitaleratu behar izan zuten Txagorritxun. Askok Langraitzera hobeto dagoelako bueltatu dutela pentsatu dezakete, baina espetxeko baldintzek Anjelen egoera larriagotu baino ez dute egiten", kexatu dira errepresioaren aurkako erakundeko kideak. Hartara, algortarraren aldeko ekimenetan parte hartzea "inoiz baino garrantzitsuagotzat" jo du AAMk. Besteak beste, aurreko larunbatean egin bezala, bihar ere Figueroaren aldeko sinadurak batuko ditu 13:00etatik 14:00etara, musikaz lagunduta, Anjel kalera! herri ekimenak. Oraingoan Algortako Tellagorri plazan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun