Oliba Gorriak musika taldeko bi kideen atxiloketa salatu du MusikHerriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 26a, 15:52

MusikHerriak, musika askea bultzatzen duen Euskal Herriko musikarien asanblada eta diskoetxea, salatu du asteazkenean, urtarrilak 23, Espainiako Polizia Nazionalak Lea-Artibain egindako sarekadaren barnean MusikHerriako bi lagun atxilotu zituela: Oliba Gorriak taldeko Iban Etxebarria "Ezkerra" eta Eneko Ostolaza. MusikHerriak bere "kezka" adierazi du, "atxilotutakoei aplikatu zaien inkomunikazio egoerak ahalbidetzen duen tortura pairatzeko duten arriskuagatik". Gainera, Gorka Lupiañez, Mattin Sarasola eta Igor Porturen tortura testigantzak gogoratu dituzte. Bestalde, Espainiako Estatuak darabilen "errepresio estrategia" gaitzetsi dute "gazte mugimendua kriminalizatzeagatik". Azkenik, Etxebarria, Ostolaza eta beste sei lagunen askatasuna aldarrikatu dute. Oliba Gorriak abenduan amaitu zuen kontzertu-jira eta emanaldiak emateari utzi zion behin-behinean, baina Leioako Gazte Egunerako hitzartu zuen kontzertua eskaintzea. Argazkian, Oliba Gorriak ateratako banerra.

MusikHerriaren oharra:

Joan den urtarrilaren 23an Espainiar Estatuko poliziak Lea-Artibaiko 8 gazte atxilotu zituen. Atxilotutakoen artean MusikHerriako 2 kide daude: Oliba Gorriak taldeko Iban Etxebarria "Ezkerra" eta Eneko Ostolaza. MusikHerriatik Espainiar Estatuak erabiltzen ari duen errepresio estrategia salatu nahi dugu, gazte mugimendua kriminalizatu eta gizarte artean aurreiritziak sortzea bilatzen duena informazioa manipulatuz.

Azken hilabeotan jazotakoak ikusita –Gorka Lupiañez, Mattin Sarasola eta Igor Porturen tortura testigantzak–, gure kezka adierazi nahi dugu atxilotutakoei aplikatu zaien inkomunikazio egoerak ahalbidetzen duen tortura pairatzeko duten arriskuagatik. Horregatik, Eneko, Ezkerra eta beste sei gazteon askatasuna aldarrikatzeko antolatutako mobilizazioei gure atxikimendua ematen diegu eta deialdia luzatu gizarte osoari berauetan parte hartzeko.

Ezkerra, Eneko eta besteak askatu!

MusikHerria
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun