Gazteek jasandako "torturen erantzule" egin dute EAJ

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 26a, 17:03

"Gazte eta aske, irabazi arte!" irakur zitekeen pankartaren atzean, Uribe Kosta eta Erandioko 200 lagun baino gehiago manifestatu da, gaur eguerdian, Algortan, Espainiako Auzitegi Nazionalean 16 bizkaitarri egin dieten epaiketa salatzeko. Martxa kaleetan barrena joan ahala ugariak izan dira euskal gazteriaren aldeko eta EAJ eta Ertzaintzaren kontrako oihuak. Azken horiek, baina, manifestazioa batzokiaren aurretik (argazkian) igaro denean areagotu egin dira: "Zipaioek ere torturatzen dute" eta "EAJ torturatzaile" bota dizkiete bertan bildutakoei. Izan ere, epaitutako gazteak 2002an atxilotu zituztenean, Arkauten jasandako "torturen erantzuletzat" jo dute alderdi jeltzalea manifestariek. Herenegun eta atzo epailearen aurrean aurkeztu behar izan ziren Urtzi Paul eta Kepa Saratxaga ere egon dira manifestazioan.

2002ko atxiloketak ez ezik, orain hiru hilabete pasatxo Uribe Kostan eta aste honetan Lea-Artibain izandako polizia operazioak ere "gazteonganako errepresio basatiaren" adierazletzat jo dituzte, manifestazioa bukatuta irakurritako oharrean. Egun Aner Mimenza, Lander Labajo, Mikel De Gregorio, Gorka Oribe, Joseba Elorriaga eta Juan Bautista Galdiz "Batxi" algortarrek jarraitzen dute kartzelan eskualdean izandako sarekadaren ondorioz. Asteazkenean, berriz, Oliba Gorriak musika taldeko Iban Etxebarria "Ezkerra" eta Eneko Ostolaza atxilotu zituzten beste 6 gazteekin batera. "Oraingoan, polizia nazionalak izan dira txakurrak. Baina berdin dio, Guardia Zibila, Polizia Nazionala edo Ertzaintza. Denek dituzte helburu berberak", ohartarazi dutenez. Hartara, PSOE eta "haren laguntzaile" EAJ egin dituzte "independentziaren aukera suntsitzea" helburu duen "errepresio basati honen erantzule".

Manifestazio bukaeran irakurri duten idatzia:

Alde bateko eta besteko biktimez hitz egiten digute, beraiek neutralak balira bezala. Baina hemen herritarrak gara biktima bakarrak, sistema neoliberal hiltzailearen biktimak.

Gure aitona-amonei frankismoa odolean sufritzea tokatu zitzaien, eta hamarkada batzuk beranduago, beren bilobok Frantzia eta Espainia kapitalisten inperialismoa pairatzera kondenatuta gaude. Baina iraganean bezala orain ere, gazteok biktima hutsak izatetik haratago borrokalariak izatea erabaki dugu. Belaunaldiz belaunaldi, eskuz esku igaro da borrokaren lekukoa, orain geuk daukagu, geure eskuetan dago.

2002ko azaroan 17 gazte bizkaitar atxilotuak izan ziren operazio bakar batean. PNVren polizia autonomiko espainolak atxilotu eta bortizki torturatu zituzten. Orain, 5 urte beranduago, torturapean egindako deklarazioetan oinarrituz epaitu egin dituzte. Gaur egun ere ehunaka dira errepresioa pairatzen duten gazteak: jarraipenak, mehatxuak, kartzelaratzeak, baita torturak ere, Igor Portu bezala ospitalean bukatzeraino edo kasu gehienetan norberak baino jakin eta sufritu ez dituenak.

Errepresio basati horren adierazgarriak dira herri honetan, Algortan, orain dela 4 hilabete inguru eman ziren 9 gazteen atxiloketak. Oraindik ere horietatik 6k kartzelan jarraitzen dutela. Oraingoan, polizia nazionalak izan dira txakurrak. Baina berdin dio, Guardia Zibila, Polizia Nazionala edo Ertzaintza. Denek dituzte helburu berberak.

Errepresioaren uholdea etengabea da. Izan ere, aste honetan ere Polizia Nazionalak Markinako 8 gazte atxilotu ditu, independentzia eta sozialismoaren aldeko zortzi borrokalari.

PSOE eta haren laguntzaile PNV dira errepresio basati honen erantzuleak. Errepresioa erabiltzen dute euren asmo alderdikoi eta elektoralistak erdiesteko, helburu zehatz batekin: independentziaren aukera suntsitzea.

Zalantzarik gabe, beren helburu kapitalistak bete asmoz, borrokalari guztiak paretik kentzeko apustua egin dute. Gazteok errepresioaz mehatxatu gaituzte, beren interesak oztopatzen ditugun heinean zapalduko gaituztela adierazi digute. Baina guk oso argi daukagu: Euskal Herria eta euskal herritarrak defendatzera goaz, herri honetan ez dute nahi dutena egiterik izango. Eta gazteoi egurra ematera badatoz, aurrean izango gaituzte. Belaunaldi ezberdinak torturatu eta kartzelaratuko dituzue, baina independentziaren alde borrokatzeko prest egongo den belaunaldi berri batekin topatuko zarete, duela 5 urte balio ez zuena, gaur egun ere ez, errepresioarekin ez dago euskal gazteriarekin bukatzerik, Uribe kostan, Burlatan, Donostian edota Markinan belaunaldi berriekin topatuko zaretelako. Bidea argi daukagulako Jo Ta Ke independentzia eta sozialismoa lortu arte.

Gazte eta aske irabazi arte!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun