Areetako batzokiari pintura botatzea aldarrikatu dute gazteen aurkako epaiketaren erantzun gisa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 26a, 17:48

Herenegun iluntzean Areetako Bidebarrieta kalean dagoen batzokiari margo gorri eta horia bota izana aldarrikatu dute ohar baten bidez hainbat ezezagunek. Komunikabideri bidalitako mezuan ekintza bere gain hartu eta, "torturek eragindako autoinkulpazioetan" oinarrituta, Espainiako Auzitegi Nazionalean Bizkaiko 16 gazteri egin dieten epaiketaren erantzuntzat jo dute erasoa. "Azken hilabeteetan, Getxon, Donostian, Burlatan eta Lea-Artibain egindako sarekadetan Polizia Espainolak parte hartu izanagatik, PNV eta zipaioak aurpegi zuriketa faltsua egiten ari dira, gizartearen aurrean abertzale leialenak balira bezala agertuz. Gazteriaren aurrean ez dute itxurakeriarik egin beharrik, zoritxarrez, ondo baitakigu Arkauteko ziegetan bost egunez torturak jasotzea eta inkomunikaturik egotea zer den. Haien kaputxa atzean, gazteria kolpatzea beste helbururik ez duten gorrotoz betetako aurpegiak atzematen ditugu; giza eskubideen defendatzaile sutsuenak agertzen zaretenok gure mespretxurik handiena merezi duzue, zuen hipokrisiaz nazkatuta gaude!", adierazi dutenez.

Imanol Landa Getxoko alkateak atzoko udal batzarrean eman zuen gertaeraren berri. Tokiko agintariak galdera eta eskaeren txandan jakinarazi zuen gertaturikoa, Eusko Abertzale Ekintzak Getxoko ondare historikoari buruz egindako itaunaz baliatuz. Batzokia zikindu izana EAEren "inguruari" leporatu ostean, alderdi ekintzaileri galdetu zion ea ondarea zaintzea babestuta dauden eraikinen aurka margoa botatzea ote den. Landak azaldutakoaren arabera (eta aldarrikapen mezuan baieztatu dutenez), pintura jaurtiketak herenegun iluntzean egin zituzten, hainbat pertsona manifestazioan Bidebarrieta kaleko egoitzaraino heldu eta jelkideei "torturatzaileak" deitzen dieten esku-orriak bota ondoren. Alkatea batzokiaren barruan zegoen, "bilduta", pintaketak egin zituztenean.

Aldarrikapen mezua:

Herenegun, urtarrilak 24, 19:30ak aldera, gazte talde bat Areetako batzokira hurbildu ginen. Bertan PNVk eta zipaioek 2002an Uribe Kostako 9 gazte atxilotu, torturatu eta kartzelaratu eta egunotan epaituak izango zirela salatu genuen.

Azken hilabeteetan, Getxon, Donostian, Burlatan eta Lea-Artibain egindako sarekadetan Polizia Espainolak parte hartu izanagatik, PNV eta zipaioak aurpegi zuriketa faltsua egiten ari dira, gizartearen aurrean abertzale leialenak balira bezala agertuz. Gazteriaren aurrean ez dute itxurakeriarik egin beharrik, zoritxarrez, ondo baitakigu Arkauteko ziegetan bost egunez torturak jasotzea eta inkomunikaturik egotea zer den. Haien kaputxa atzean, gazteria kolpatzea beste helbururik ez duten gorrotoz betetako aurpegiak atzematen ditugu; giza eskubideen defendatzaile sutsuenak agertzen zaretenok gure mespretxurik handiena merezi duzue, zuen hipokrisiaz nazkatuta gaude!

Beraz, haiek ere gazteak torturatu eta Auzitegi Nazionalaren otso-zuloan uzten gaituztela gogorarazi diegu, eta gure aurka erabiltzen duten basakeriaren isla den margo gorria eta esku-paperak bota ditugu.

Zuek gazteak atxilotu, torturatu eta kartzelaratzen dituzue!
Zuek bai terroristak, txakurrak!
Gazte eta aske, irabazi arte!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun