Bost lagun toxikatu dira gaur, goizaldeko 4:40ean, Areetako etxebizitza batean piztutako sutean, ETBk jakinarazi duenez. Anaitasuna kaleko eraikin bateko atarian sortu da sua eta ke handia atera du. Ondorioz eraikuntza hustu behar izan dute suhiltzaileek eta Ertzaintzak. Bost lagun Gurutzetako erietxera eraman behar izan dituzte toxikatuta. Horien artean, bi hilabeteko eta bi urteko haur bi eta 11 urteko neskato bat zeuden. Beste biak 20 eta 25 urteko bi gazte ziren. Kea arnasteagatik eraman dituzte Gurutzetara nahiz eta ez dirudien euren osasun egoera larria zenik. Sua eraikinaren atarian piztu da baina Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailetik esan dutenez, oraindik ez dakite zerk eragin duen. Osakidetzako langileek lagun ugari artatu behar izan dituzte sua gertatu den tokian bertan, kea arnastu dutelako edo eraikinetik ateratzean hartutako kolpeengatik. Argazkian, Eitb24 webguneak sareratutako
bideotik hartutako irudia.