Jon Bilbao Moro eta bere senideak omendu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 28a, 13:40
Pasa den urtarrilaren 15ean Jon Bilbao Moro Erandioko presoak 26 urte bete zituen Espainiako kartzeletan eta egun gatibu duten eta Euskal Herritik 850 kilometrora dagoen Alacant-eko Fontcalent espetxeraino hurbildu ziren hiru egun lehenago Erandioko 42 lagun bere askatasuna aldarrikatzeko. Atzo, berriz, Bilbao Morori, bere neskalagunari, alabari, arrebari eta ilobari omenaldia egin zieten 120 bat auzokidek Astrabuduan. Izan ere, Asuako presoak 52 urte ditu eta bizitza erdia kartzela barruan eman du, atxilotu, torturatu eta zigortu zutenetik, eta ordutik senideak kartzelaz kartzela milaka kilometro egiten izan ditu etengabe bere ondoan. Bere semea berriro libre ikusteko aukerarik gabe, berriki hil den Jon Bilbaoren amari ere txalo zaparrada eskaini zioten. Ekitaldiaren ostean, trikitixak girotuta auzokideek manifestazioa egin zuten auzoan zehar, "Jon etxera!" lelo bakarrarekin.
Jose Angel Bilbao Jon Bilbao Moro Etxera herri ekimeneko kideak Bilbaok betetzen ari den kartzela-epea ohiko espetxealdia ez dela gogoratu zuen, 30 urteko zigorrarekin euskal preso askok 18, 20 edo 22 urterekin kaleratu baitira. Gainera, preso erandioztarrarekin batera atxilotutako pertsonak zigor berbera izan arren "egun kalean daudela" azpimarratu zuen. Izan ere, laster 28 urte barruan beteko dituen Jose Mari Sagardui "Gatza" preso zornotzarrarekin gertatu bezala, Bilbao Morori espetxetik ihes egiten saiatzeagatik erredentzio guztiak kendu zizkioten eta espetxealdi osa betetzera zigortu.

Halere, herri ekimeneko kideak 42 lagunen bisitaren harira hilaren 12an Fontcalenten preso erandioztarrarekin izandako hizketaldia ekarri zuen plazara: "oso pozik agertu zen. Ondo dago, burua ondo dauka, gogor dago jakin arren jarraituko duela barruan eta 30 urteak beteko dituela".

Orduan, Lurdes Velez Jonen neskalaguna, eta bere alaba, arreba eta iloba igo ziren oholtzara, eta Jose Angel Bilbaok 26 urtetan Espainiako Estatuko punta batetik bestera, Jon Bilbao eta bere senideak ezagutu dituzten kartzela guztiak zerrendatu zituen. Era berean, "milaka kilometro egin ostean" hil berri den Jonen amarekin gogoratu zen, baita Asuakoak ez zuela izan ama agurtzeko aukerarik gogoratu ere. Auzokideek txalo zaparradarekin erantzun zuten. Horren ostean, hainbat preso ohi igo ziren oholtzara, tartean senideei lore sorta eman zien Jose Maria Astola Iruretagoiena sondikarra, Jon Bilbao Mororekin batera atxilotutako eta zigor berberera zigortutako laguna eta 2002ko urtarrilean kaleratu zena.

"Borroka eta konpromiso eredua"

Ondoren, Kike Martinez Iruñeko preso ohiak salatu zuen Jon Bilbaoren kasua eta bera oraindik kartzelan egotea preso ohiei "oso gogorra" egiten zaiela aitortu zuen, baina handik haratago, "Euskal Herrian, denok kartzelan gaudela esan dezakegu. Presoak kartzela txikian daudela eta kalean gaudenok kartzela handian. Eta zentzu horretan libre izan nahi badugu preso guztiak kalean beharko ditugula" nabarmendu zuen. Baina, hainbat presok pairatutako egoera dela eta "mailak ere badirela" onartu zuen, "eta horregatik gogoratu behar dugu Moro, horregatik omendu behar dugu Moro eta Mororekin batera Gatza, Elurtxuri eta kartzelan diren euskal preso politiko guztiak. Guztiak omendu behar ditugu".

Senideei eskainitako aurreskuaren ostean, Askatasuneko kide batek kokatu zuen Jon Bilbaok pairatutako egoera Euskal Herriak bizi duen "egoera krudel eta gordinean", non atxiloketak, ilegalizazioak, tortura, espetxe zigorrak eta heriotzak etengabe pilatzen diren eta Kabo Berden argitu gabeko egoeran hil zen Endika Iztueta Santurtziko deportatuaren senideentzat txalo zaparrada eskatu zuen. "Euskal Herriaren alde lan egiten duenaren aurka" errepresioa handitu dela islatu zuen eta horren adibide izan zuen dagoeneko 710 preso baino gehiago "bahituta" izatea. Testu-inguru horretan Jon Bilbao Mororen kasua "Espainia eta Frantziaren errepresioaren isla" dela azaldu zuen, "berak bizi baitu atxiloketa, tortura, espetxea eta dispertsioa". Baina, aldi berean, "borroka eta konpromiso eredua" ere badela nabarmendu zuen: "euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko borrokarena".

"Gure maitasun guzti-guztia"

Era berean, Espainiako zein Frantziako estatuek ez dutela beren legeak ere betetzen eta euskal presoen aurka "sarraskitze politika" erabiltzen dutela azpimarratu eta Anjel Figueroa algortarra eta beste euskal preso gaixo eta sendaezin askok eskatutako 92. artikulua ukatu izana salatu zuen Askatasunak: "Presoen egoera demokraziaren termometroa da eta hemen zero azpitik dabil, euskal presoak interes politikoen arabera, truke txanpon edo mendekurako tresna gisa erabiltzen baitituzte".

Dena den, "amnistia eta borrokaren bidez" Euskal Herriak lurraldetasuna eta autodeterminazioa eskuratzera helduko dela ziurtatu zuen Askatasuneko kideak: "borrokak ekarri gaitu abagune politiko honetara eta haratago ere eramango gaitu".

Ondoren, Beñat Vidal bertsolariak ekitaldiari azken puntua jarri zion: "Hemendik Joni guztion partez / besarkada bat itzela / gure maitasun guzti guztia / jaso dezala horrela / baina besteek ere bai ondo / ere jakin dezatela / bera gurekin ez egotea / barkatzeko ez gaudela". Eta preso ohiak Jon Bilbao Mororen erretratua eta pankarta sostengatzen PSE-EEko egoitzaren aurretik igaro zen trikitixak girotutako manifestazioa abiatzeko bertsoa ere abestu zuen Vidalek: "Nola ez dagoen gure artean / Astrabuduan gaur bera / aprobetxatu beharko dugu / gaur daukagun aukera / eta ez gaitezen hemen gelditu / joan gaitezen aurrera / manifa baten gure amorru / dena aldarrikatzera".

Preso ohien testua:

Kartzelan urte luzeak egindako preso politiko ohiak gara gu.

Kartzelan, batzuk gehiago eta besteak gutxiago, Jon Bilbao Mororekin izan gara. Berak bizi izan dituenak guk ere bizi izan ditugu. Eta berari sartu zioten espetxe zigorra guri ere sartu ziguten. Baina espetxe zigor berdina sartuta ere, urteak pasa, eta gu kalean gaude, berak, beste hainbat euskal preso politikok bezala, espetxean jarraitzen duten bitartean.

Guri benetan gogorra egiten zaigu kalean izatea, gure burkideak, lagunak, adiskide minak, kartzelan segitzen dutela ikusten dugun bitartean. Oso gogorra egiten zaigu kartzelan gurekin izan diren presoak eta oraindik kartzelan dauden horien etxekoak eta lagunak agurtzea ere.

Gogorra egiten zaigu, jakin ere oso ondo dakigulako zer den kartzelan egotea. Oso ondo dakigu zer den senide edo lagunarentzat maite duen pertsona kartzelan izatea. Guk neurri batean kartzela oraindik barruan daramagu, eta zuekin topo egiten dugunean kartzelara bueltatzen gara nolabait.

Egia esan, Euskal Herrian, denok kartzelan gaudela esan dezakegu. Presoak kartzela txikian daudela eta kalean gaudenok kartzela handian. Eta zentzu horretan libre izan nahi badugu preso guztiak kalean beharko ditugula, nahitaez, haiek ere gure bizitzaren partea direlako. Hori garbi dagoela uste dugu.

Baina mailak ere badira. Eta horregatik gogoratu behar dugu Moro, horregatik omendu behar dugu Moro eta Mororekin batera Gatza, Elurtxuri eta kartzelan diren euskal preso politiko guztiak. Guztiak omendu behar ditugu.

Baina, gure aldetik, batez ere, presoen etxekoei eskaini nahi diegu gure omenaldia.

Jon Bilbao Morok 26 urte luze darama espetxean, eta bere etxekoek 26 urte luze daramate Jon laguntzen, animatzen eta behar duen guztia ematen, Joni laguntzeko euren bizitzaren alor gehienak albo batera utzi behar dituzten arren.

Ziur gaude Morok omenaldia etxekoei eta urte luze hauetan lagundu dioten eta laguntzen jarraitzen dioten guztiei egiteko esango ligukeela.

Eskerrik asko. Eskerrik asko, eta aurrera bolie!

Gora Jon!
Gora gu ta gutarrak!
Gora Euskal Herria askatuta!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun