Otsailaren 9an eta 10ean ospatuko dituzte inauteriak Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 28a, 13:23

Berangoko Kultur Etxeak antolatuta, hainbat ekitaldi izango dira otsailaren 9an, larunbatarekin, inauteriak ospatzeko. Neska-mutilek goizetik edukiko dute zerekin gozatu udal pilotalekuan: hasteko, 11:30etik 14:00etara, Venezia, Rio de Janeiro eta Euskal Herriko inauterien inguruko tailerrak egingo dituzte bertan, 4 eta 11 urte bitarteko umeentzat. Arratsaldean, berriz, 18:00etan abiatuko da koadrilen desfilea Berangoetako kultur etxetik frontoiraino, Cotton Club Dixie Jazz Band taldearen musikaz lagunduta. Ondoren, sariak banatuko dira; baita gozokiak guztientzat ere. Gauzak horrela, otsailaren 4ra arte egongo da desfilerako izena emateko aukera, Santa Ana zein Berangoko kultur aretoetan. Azkenik, 20:00etarako, nagusientzat eta nahi duen ororentzat, zuzeneko guatekea antolatu dute, Menta taldearekin. Biharamunean, Simon Otxandategi dantza taldeak ohiko kalejira eskainiko du Berangoko kaleetan zehar, familia osorako Maskarada antzeztuz. Besteak beste, Lantzarte (11:15), Axgane (11:30) eta Karabigane auzoak (12:45) eta Sabino Arana kalean zehar (13:15) egingo dute kalejira. Horren ostean, bere errepertoriotik aukeratutako dantzak eskainiko ditu txikien taldeak, pilotalekuan. Argazkian, Simon Otxandategiko joaldunak.

Elurretara txangoa

Urtero legez, familia osorako irteera antolatu du Lunadara (Burgos, Espainia) Berangoko Kultur Etxeak. Sei urtetik gorakoak baino ezin izango dira joan, udal iturriek adierazitakoeran arabera. Otsailaren 23an, larunbatarekin egingo dute elurretara txangoa, 9:00etan, Berangoetako kultur etxetik abiatuta. Itzulera 19:30ean izango da. Horrenbestez, bazkaria barne, 16 euro ordaindu beharko dute Berangon erroldatuek, 20 euro berangoztar ez direnek eta 14 euro Gaxt txartela duten neska-mutilek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun