Bart lau krisialdi sufritu ostean Txagorritxun ospitaleratu dute berriro Anjel Figueroa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 28a, 23:01

Anjel kalera! herri ekimeneko kideekin bilduta zegoela jakinarazi diote telefonoz, gaur iluntzean, Anjel Figueroa preso gaixo algortarraren ama Mari Karmen Fernandezi bere semea berriro ere Txagorritxun ospitaleratu behar izan dutela. Ez diote, ordea, zehazterik izan goizez edo arratsaldez izan den; lagun baten bitartez izan baitu horren berri. Gauez, lau epilepsia krisialdi sufritu ditu Langraitzeko espetxean Figueroak, adierazi diotenez. Dagoeneko, atzo, bisitan zeudela, txarto ikusi zutela aipatu du atsekabetuta bere amak. Epilepsia krisialdi larriak sufritu ostean ospitaleratu behar izan zuten eta, hilabetea Txagorritxun eman ostean, joan den aste bukaeran bueltatu zuten Langraitzera. "Horrenbestez, genituen kezka eta beldurrak bete egin dira. Askok katzelara hobeto dagoelako itzuli dutela pentsa dezakete, baina egoera ez da inondik inora horrelakoa. Ospitalean lasai zegoen Anjel, baina espetxeko baldintzek bere egoera larriagotu baino ez dute egiten", Anjel kalera! herri ekimenak salatu duenez. Hartara, "inoiz baino garrantzitsuago" deritzote preso algortarraren aldeko mobilizazioetan parte hartzea. Besteak beste, astero bezala, ostiralera bitartean, elkarretaratzea (argazkian / Etengabe) izango da arratsaldero Telletxen, 20:00etan, Etxeratek deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun