Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Itzubaltzeta eta Pinuetako inauterietan alistatzera deitu dute Gobelako piratek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 30a, 16:19

Ibaitik jaitsi eta gaueko iluntasunaren pean, Santa Eugeniako kultur etxearen inguruan hartu zuten lurra atzo, asteartea, Gobelako piratek. Eraikineko defentsak kanoikadaz garaitu ostean, bataila erreza ron kupelen artean algaraka ospatu eta larunbat honetan, otsailak 2, Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetan ospatuko dituzten inauterietan herritarrak parte hartzera deitu zituzten. Izan ere, Ziztu Bizian, Erromo eta Pinuetako Jai Batzordea eta Itzubaltzeta gaztetxeko txalupa-neska-mutilek lagunduta, eta Getxo eta Leioako Udalei zein Eroski Fundazioari lapurtutako altxorrak direla medio, ekitaldiz betetako egitaraua osatu dute herri pirata horretan: jolasak eta tailerrak, gaztelu puzgarriak, bazkari herrikoia, kalejira herriko kaleetatik, erromeria eta abar luze bat. Gobelako piratek herri hori banatzen duen mugaren bi aldeetan, Leioako Pinuetan eta Getxoko Itzubaltzeta / Romon, berdin lapurtuko dituzte atso, agure, neska-mutil zein helduen irribarreak. Aldiz, mozorrotuta ez dabilen hiritarrak gatibu eramateko mehatxua egin dute: "galeretara eramango ditugu ibaitik gora, ahateen irlan geldi daitezen, beraien barnean umore ona hazi arte". Beren seme-alabak mozorrotu bai baina haiek mozorrotzen ez diren gurasoekin "bereziki krudelak" izango direla diote: "oinazpietan kili-kiliak egingo dizkiegu faisai lumez".

Hiru tripulazio izango dira abordaje horren erantzuleak, norberak bere kapitainak dituen trebeziez baliatuta. Ziztu Bizian Eskatut Taldea, Erromo eta Pinuetako Jai Batzordea eta Itzubaltzeta Gaztetxea itsasontziek kultur-dinamika aberatsaren haizeaz baliatuta Itzubaltzeta / Romo eta Pinueta herri bizia izatea dute helburu. Horregatik, norberaren eguneko lanez gain, indar metaketa eta komuneko lana indartu dute, horrela galeoi handiagoak suntsitu dituztelakoan, herrian dinamizazio bateratua ematearena kasu. Hori dela eta inauteri edo aratuste herrikoiak, kritikoak, lotsagabeak eta zazpi itsasoetako piratek beraiek pirata guztientzako eginda, hots herritarrek herritarrentzat eginikoak, burutuko dituzte, umorea duen inor kanpoan utzi gabe.

Mozorro lehiaketa

Bestalde, herriko 20 tabernari batu eta mozorro lehiaketa antolatu dute, bi kategoriatan, norbanakoa eta bikoteena. Lehenengo kategorian sariak 300, 200 eta 100 eurokoak izango dira eta bigarrenean, berriz, bikoitzak. Lehiaketan parte hartzeko gauez puntuazioa emango duten tabernetatik igaro baino ez da egin behar: La Mona, Billares, Arotza, Amaya, Branka herriko taberna, Texas, Arrantzale, Andros, Trokazulo, Urdin, Adartza, Karibe, Baste, Tropicana, Arenas, Candilejas, Kalamua, Bodega Tudelilla, Basajaun eta Yanik.

Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako Inauterietako egitaraua:

12:00etatik 14:00etara, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan (euria eginez gero Romo eskolako frontoian):
- Rokodromoa
- Puzgarriak
- Perkusio tailerra
- Malabarismo tailerra
- Jai eta musika giroa
- Ping-pong
- Mahai-futbola
- Umeentzako jolasak
- Umeentzako mozorro lehiaketa. Sariak ume guztientzat egongo dira.

15:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan (euria eginez gero Romo eskolako frontoian):
- Herri bazkaria

16:30etik 18:00etara, Pinuetako Cervantes parkean:
- Puzgarriak
- Jolasak eta tailerrak
- Txokolatada

18:30etik, Pinuetako Cervantes parketik abiatuta:
- Kalejira Pinueta eta Itzubaltzeta / Romotik zehar, herriko koadrilak eta animatzen den jende guztiarekin.

20:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan:
- Txokolatada
- Erromeria Trakets taldearekin

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun