Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Klaustroko kide diren sei ikaslek eten egin dute gaur goizean organo hori egiten ari zen batzarra, Bolognako prozesuaren aurka daudela agertzeko, Eitb24 webguneak zabaldu duenez. Bien bitartean, Leioa eta Erandioko campuseko Areto Nagusiaren kanpoaldean protesta egiten ari ziren beste ikasle batzuei oldartu zaie Ertzaintzak. "Klaustroa husten ari zirela, kanpoaldean protesta egiten ari ziren ikasle batzuk barrura sartzen saiatu dira eta tentsio uneak bizi izan dira, segurtasun agenteak kolpeka eta bultzaka hasi zaizkienean. Tarte horretan Areto Nagusiko sarrera nagusiko kristal bat hautsi da", adierazi du albiste kanalak EHUko iturriak aipatuz. Bestalde, Ertzaintzak klaustrotik ateratako zenbait lagun identifikatu ditu, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Ondoren, gai-ordenak aurreikusita zegoen bezala jarraitu du, unibertsitateko iturri berberek agertu dutenez. Gertatutakoaren bideoa ere sareratu du Eitb24k. Argazkian, Klaustro kanpoaldeko elkarretaratzea segurtasun zaindarien begiradapean / Gaztesarea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!