Bologna "inposatzeko" asmoz "errepresioa" erabiltzea egotzi diote EHUri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 30a, 19:39
Leioa eta Erandioko campusean gaur izandako istiluak "larritzat" jo ditu Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE). Komunikabideetara helarazitako oharraren bitartez, Bolognako prozesua "inposatzeko" asmoz, "espiral errepresibo batean sartzea" leporatu diote Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektoreari: "gehiengoaren nahiaren gainetik bada ere inposatu beharra dago… eta urduritasun horretatik dator gaur hartu behar zen erabakia, baita gaurko poliziaren presentzia ere", gaineratu dutenez. Besteak beste, arau-hauste eta zehapenen katalogoa onartu dute gaurko Klaustroko bileran; "Bolognaren aurka dauden ikasleak zigortzeko arautegi berria", EHBEren iritziz. Ildo berean, horren bitartez, "disidentzia politikoaren kriminalizazioa eta horren aurkako errepresioa ofizialtzea" egotzi diote EHUri Ikasle Abertzaleek (IA). Argazkian, Brigada Higikorreko ertzain bat ikasleetako bati oldartzen.
IAk gaur egin den Klaustroari buruz:

Gaurko egunez, azterketa garaian, UPVk bere organo gorena zuen deituta, besteak beste, "listado de infracciones y sanciones" delakoa onartzeko xedez. Araudi honen arabera, ikasleon aurkako zigorrak orokorrean areagotzeaz gain, disidentzia politikoaren kriminalizazioa eta honen aurkako errepresioa ofizialtzen da, argi eta garbi, "ad-doc" eginiko zerrendaketaren bitartez. Bilkuran hasiera hasieratik igarri da indar polizialen presentzia, pasa den abenduaren 12an errektoreak iragarri bezala. Dena den, bilkura normaltasunez egin nahi izan dute. Honen aurrean Klaustroko kide batzuek, ikasleen ordezkari batzuek zehazki, bilkura eteten saiatu dira, bertaratutakoei esku-orriak banatuz, eta beste kide bat kateatu egin da. Bitartean, kanpoan bildutako hamarnaka ikaslek bilkurara sartzea lortu dute, euren aldarrikapena bertatik bertara errektoreari entzunarazteko. Guzti hauek, bai kanpotik sartutako ikasleak, baita ikasle ordezkariak ere, indar polizial ezberdinen eskutik jazartuak izan dira, borrak eta ostikoak jasoaz. Areto Nagusitik bortizki kanporatuak izan ostean, kanpoan bildutako ikasleen aurka Ertzaintzaren Brigada Mugikorra oldartu da, burutzen ari ziren elkarretaratzea sakabanatuz. Gertaera hauen ostean, Klaustroak bere gai ordenarekin jarraitu du, ikasle eta irakasle ordezkari andana bilkuratik at egonagatik ere, ezer gertatu ez balitz bezala. Egoera honetan onartu du UPVko Klaustroak ikasleei zuzendutako "arau-hauste eta zigorren zerrenda".

Irakurketa

Gaurkoan UPVk, bere demokrazia "sui generis"-a erakutsi du berriro ere. Hasteko, Klaustroa UPVk erabakiak hartzeko erabiltzen duen "demokrazia" ereduaren erakusle da, egungo errektore taldeak bere garaian hainbeste gaitzesten zuen LOUaren araberako ponderaketa erabiltzen baitu. Ozen salatu behar dugu ikasleen ahotsa hutsaren hurrengora murriztu eta katedradunena gehiengo absolutura altxatzen duen "demokrazia" eredu hau. Hauxe da ikasleon hitzaren ukaziorako beraien bitarteko nagusia: guztiaren gainetik instituzio antidemokratiko hauen zilegitasuna goraipatzea. Hori dela eta, UPVren organo erabakitzaile gorena den Klaustroan ikasleon hitza errespetatzen ez dela entzunarazi nahi izan dugu; demokrazia eske sartu gara Klaustroan.

Unibertsitatearen erantzuna bortitza bezain argigarria zaigu ikasleoi. Bolognaren aurkako mugimendua asimilatu ezin, eta hau mehatxu eta kolpeen bidez, modurik ankerrenean, gelditzeko apustua egina dute Perez, Goirizelaia eta enparauek. Kritikotasunaren eta askatasunaren egoitza behar lukeenean ez da Bolognaren inguruko eztabaidarik onartzen, eta areago, bere organo gorena den Klaustroan guztiz zilegia deritzote euren musika dantzatzen ez dutenak erditik kentzeko biolentzia erabiltzea. Gaurkoan berriro ere erakutsi du UPVk, behar dugun unibertsitate ereduaren inguruko sektore arteko eztabaida zabal eta sakon bat ireki beharrean, Bologna prozesuaren inposaketaren eta errepresioaren aldeko apustua egin duela.

Era berean, salatu behar dugu kosta ahala kosta zerrenda errepresibo hau salatzeko UPVk erabili duen bide zikina. Hasteko, urtarrilaren 30ean jarri dute Klaustroaren data, ikasleok azterketa garaian murgilduta gaudenean, zertarako eta ikasleontzako egindako zerrenda hau onartzeko. Honen erakusle izan da Klaustroan zegoen ikasle ordezkari kopuru txikia. Hala ere, hau ez da oztopo izan ikasle talde batek Klaustroa burutu den egoitzaren ateetan elkarretaratzea egiteko eta barrura sartzeko. Honen ostean, polizia indarrek protesta egin duten ikasle klaustrokideak eta kanpotik sartutakoak bortizki atera eta Ertzaintzak elkarretaratzea sakabanatuta, Klaustroko gai ordena berrartu eta "listado de infracciones y sanciones" delakoa onartu dute, nahiz eta hamarnaka ikasle eta irakaslek, errektore taldearen metodoekin ez ados, Klaustroa utzi duen.

Amaitzeko, UPVri eta Euskal Herrian dauden gainontzeko unibertsitateetako agintariei jakinarazi nahi diegu, mehatxuak mehatxu, ikasleok Bologna Prozesuaren aurka borrokatzen jarraituko dugula, eta ez garela geldituko Euskal Herriak behar duen unibertsitate ereduaren inguruko eztabaida zabal baten bidez erabaki zilegi bat hartu artean Bologna prozesuaren aplikazio oro bertan behera uzten ez duten arte.

Ikasle Abertzaleak (IA)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun