Bere jardueran, Wielandek (Biberach, 1733 / Weimar, 1813) zenbait literatura genero landu zituen. Alemanez mintzo ziren 300 bat estatuz osatutako lurraldean irakurzaletasuna sustatzen ahalegindu zen. Narratzaile, poeta eta itzultzaile lanetan jardun zuen Wielandek eta bere lan nagusien artean "Agathon" eta "Diogenes" nabarmendu daitezke, besteak beste. Horiez gain, Shakespeare, Horacio, Luciano eta Ciceronen lanak alemanera itzuli zituen lehenengo egilea izan zen. "'Juno und Ganymed' Wielanden birtuosismo metrikoaren adierazle argia da, nahiz eta lan hori askoz ezagunagoa den gaiaren ausardiarengatik, freskotasun eta naturaltasunez heltzen baitio desio homosexualari. Literatura greko klasikoaren zale erakusten du bere burua autoreak eta, halaber, bultzada erotikoa eutsi ezineko bezain irekia duen moral bat ziurtzat jotzen du, bultzada hori eragin duen objektuaren generoa edozein dela", kultur iturri getxoztarrek adierazi dutenez. Poema 870 bertsoz osatuta dago, rococo estiloari jarraituz, eta aipamen mitologikoz eta ezkutuko keinuz beterik dago.
Homosexualitatearen aitzindariak
Bestalde, Anthropos argitaletxeak argitaratu duen “Pioneros de lo homosexual” (Homosexualitatearen aitzindariak) liburuan, Zubiaurrek XIX mendeko hiru egile alemaniarren testuak bildu ditu: Karl Heinrich Ulrichs, Karl Maria Kertbeny eta Magnus Hirschfieldenak, hain zuzen ere. Autore horiek guztiek lehenengo aldiz heldu zioten homosexualitatearen gaiari Alemanian. Gizonezkoen arteko sexua zigortzearen aurka jardun ziren, haien ustez gizaki guztiek ez zuten natura bera zertan izan. Horiek horrela, ordura arte aintzat hartuta ez zegoen kolektibo baten profila sortu zuten.