Algortako inauterietarako 60.000 euro gastatu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 31a, 23:50

Ostiral honetan, otsailak 1, Algortako kaleak hartuko dituzte inauteriek, Getxoko Kultur Etxeak antolatuta. Igandera bitartean, musika, kale animazioa, haurrentzako jarduerak eta jaiak protagonista izango dira, eta oinezkoentzako eremuak kolorez jantziko dituzte, baita Telletxe plaza ere. Koldo Iturbe Kultura zinegotziaren hitzetan, "Algortan egiten ditugu guk inauteriak, dagoeneko Itzubaltzeta / Romon eta Getxon ekitaldiak antolatzen dituzten elkarte edo batzordeak badaudelako". Horretarako, Udaletik 1.200 eta 2.000 euro jaso dituzte Ziztu Bizian aisialdi elkarteak eta Itxas Argia dantza taldeak, hurrenez hurren. Algortako inauterietarako, berriz, 60.000 euro jarri ditu Getxoko Kultur Etxeak. Aukeratutako datei dagokionez, "azken urteotan tokatzen den asteburua eta ez gazteek erabiltzen duten hori –hurrengoa–" sustatzen ari direla dio Iturbek. Tabernen itxiera ordua luzatu ere egin du tokiko erakundeak. Bestalde, aurten ere, eskola-inauteriak ospatuko dituzte bihar udalerriko haibat ikastetxek. Ohi bezala, bi mozorro-desfile izango dira: bata Getxo eta Algortan, eta bestea, Itzubaltzeta eta Areetan. Horietan 2.600 bat ikaslek parte hartuko dute. Kalejirak bukatu ondoren, musikaz eta zenbait ekitaldiz gozatu ahal izango dute eskola-uneek, Romo ikastetxean eta Algortako Telletxe eta Biotz Alai plazetan. Argazkian, iazko eskola-inauteriak.

Algortako inauterien lehen egunean gazteenak izango dira protagonistak: 18:00etako karaokean musikarako duten gaitasuna erakutsi ahal izango dute neska-mutilek. Jarraian, haurrentzako diskoteka egongo da, baita makillaje eta maskara tailerrak ere. Horretaz gain, txurroak txokolatearekin ere izango dituzte Telletxen bildutakoek, galdutako indarrak berreskuratu ahal izateko. Lehendabiziko egunean musikako animazioa ere ez da faltako, Ardoa Barrura fanfarrearen eskutik, eta egitaraua ixteko Toom-Pak taldeak emanaldia eskainiko du 22:00etatik aurrera.

Biharamunean, larunbatarekin, hainbat taldek, herrigunea animatuko dute eguerditik aurrera. Agurra dantzan arituko da, Gazte Leku fanfarrea musikaz arduratuko da eta Simon Otxandategi taldeko zanpantzarrek Euskal Herriko inauteriak kalera aterako dituzte. Arratsaldean, berriz, tailerrak eta txokolate eta txurroak izango dira Telletxen. 18:00etatik aurrera herri erromeria egongo da Erdizka Lauetan taldearen eskutik oinezkoentzako gunean eta, berau bukatzean, 21:00ak aldera, Ku-Klux fanfarrea Algortan barrera ibiliko da. Larunbateko egitaraua bukatzeko dantzaldia egongo da, Lisker taldearen eskutik. Berau 22:00etan hasiko da.

Igandea, azken eguna

Azkenik, igandean Turutarra fanfarrea kaleetan barrena ibiliko da eguerditik aurrera. 12.30ean, berriz, Telletxe plazan, Kiki, Koko eta Moko pailazoak egongo dira, gazteenak alaitzeko asmoz. Ordu berean erraldoi eta buruhandien konpartsa baten kalejirari hasiera emango diote eta, berau bukatzean, Simon Otxandategi taldeak txanda hartuko die bere zanpantzarrekin eta Zuberoako inauteri tradizionalen pertsonaiekin. Arratsaldez, 18:30etik aurrera, Luma Gorri taldearen haur animazio ikuskizuna hartuko du Telletxek. Bukatzeko, toki berean, Terapia de Fuego taldeak inauteriak agurtuko ditu datorren urtera arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun