Gaur Algortan egingo dute Anjel Figueroaren aldeko elkarretaratzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 1a, 15:00

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, gaur ere elkarretaratzea izango da, 20:00etan, Algortako Telletxe plazan, Anjel Figueroa preso gaixo algortarraren askatasuna aldarrikatzeko. Bestalde, bihar, larunbatarekin, Gasteizko Txagorritxu ospitalaren aurrean egingo dute kontzentrazioa, 12:30ean, Anjel kalera! herri ekimenak deituta. Horrenbestez, 11:00etan abiatuko da auto karabana Algortako Fadura kiroldegiko aparkalekutik. Hilabetea Txagorritxun eman eta joan den aste bukaeran Langraitzera bueltatu ostean, espetxean lau krisialdi sufritu eta gero, astelehenean ospitaleratu zuten berriro Figueroa. Algortarrak gaixotasun kroniko eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala, hain zuzen. Gainera, ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman diote orain hilabete batzuk.Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du, eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu. Horrenbestez, Anjel kalera! herri ekimena abiatu zuten azaroaren 17an 50 bat algortarrek, euren auzokideari Kode Penalaren 92. artikulua aplikatu eta espetxetik atera dezatela eskatzeko asmoz. Argazkian, azaroaren 9an 200 bat lagun manifestatu ziren Anjel Figueroaren askatasunaren alde.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun