"Oles ta oles atetan, nor dabil ordu honetan, zazpi morrosko alkar hartute baztarrak inkomodetan". Santa Agedako uretan ereiten dira lehenengo piperrak gure eskualdean. (Planeta kez eta kutsaduraz bete eta eguraldia erotu zen arte, behintzat). Lurra bere lozorrotik ateratzeko gau seinalatua da otsailaren laukoa. Kristautasunak, hain gutxi gustatzen zaizkion aratusteetako mozorroz, santu jantzi baditu ere lur, ur eta suarekin (eguzkiarekin) berradiskidetzeko egunak. Inaustea, zuhaitzak fruitu berriak eman ditzan gizakiak egiten dion ilea apaintzeko mesedea, Santa Agedako uretan egin behar dela diote indigena zaharrek. Ziklo berria hastera doa, emankor bihurtzen dabil berriro lozorroan antzua izan dena, hartu-emanaren sasoia da, lurrari hartutakoa lurrari eman berriro hartzeko. Argazkia: Koska irratia.
Santa Agedako urez mintzo direnean otsailaren bosteko bezperatik aurrera hurbileneko ilbeheraz dabiltza. Lurrak baldintza bat ipini baitzien bere seme-alaba nekazariei: bakean utz zezatela, ilargia jaio eta bete artean. Behar zutena ilbeheran har eta erein zezatela. Urak, odola barne, behera doazenean, itsasoa behean dagoenean. Min gutxien egiten dion garaian.
Lurra lotan dago zezeilaren laua arte. Sugeak eta zapoak, gorputza lurraren tenperaturan dutenak, agertzen direnean lurra esnatu delako da. Abenduaren 24an jaio ostean, gazte adoretsu bihurtzen dabil eguzkia. Emankortasunaren, emakumearen eta batez ere ama direnen jai handia dator. Erromako gizarte patriarkalean ere, emakumeek eskubide berdintasuna onartua zuten urteko egun bakarra.
Gogor jo lurra makilarekin, iratzar dadila.
Fredi Payak pasa den ostiralean "Berria"n argitaratutako artikulua
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.