Getxoko Udal Gobernu Batzordeak Sahararen Aldeko IV. Euskal Karabanarako 18.000 euroko diru-laguntza ematea erabaki du, kamioi eta atoi bat erosteko hain zuzen ere; otsailaren 16an Bilbotik aterako den karabanan azken bi hilabetetan bildutako lehen mailako produktuak eramatera joateko. Karabana Aljerian dauden saharar errefuxiatuen kanpamentuetara joango da. "Diru-laguntzaren helburuak Atfal Getxoko Sahararen aldeko elkarteak udalerrian aurrera eraman duen jakien bilketarekin kolaboratzea, udalerrian saharar herriaren alde egiten diren ekimenekin bat egitea eta Udalak Sahararekin duen konpromisoan beste urrats bat ematea dira", Imanol Landa alkateak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez. Horrela, Getxo udalerrian lehen mailako 8.500 kilo produktu batu dira, atuna oliotan, azukrea, arroza, dilistak eta konpresak, besteak beste; Udalarekin, 16 ikastetxerekin, jaki dendekin eta hainbat banketxeekin elkarlanean. Argazkian, elikagaiak eramateko Euskal Karabanak erabiltzen duen kamioietako bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!