Imanol Landa Getxoko alkateak, bere gobernu taldekideek eta Marisa Arrue (PP), Luis Almansa (PSE-EE) eta Iñaki Urkiza (Ezker Batua) oposizioko alderdietako buruek, Biotz Handi odol emaileen elkarteak egindako deialdiarekin bat egin zuten joan den ostiralean. Besteak beste, udaletxera eraman zuten unitate ibiltaria erauzketak egiteko eta tokiko agintariak bertan izan ziren, udal langileekin batera. Getxoko alkateak eta Isabel Atxa Biotz Handi elkartearen presidenteak adierazi zutenez, “udalerriko biztanleak kontzientziatu nahi ditugu ekimen honen bitartez”. Udal ordezkariek ideia oso positiboa dela adierazi zuten, baita odol emaileen elkarteak ere. Halaber odola emateko behar diren baldintzak zeintzuk diren gogoratu zuten; dena den azpimarratu dute garrantzitsuena gogoa izatea dela, eta ekimen altruista batekin kolaboratu nahi izatea. Ostiral goizean, udaletxe aurrean burututako ekimena baliteke urte honetan errepikatzea. Izan ere, beste toki batzuetan, esate baterako Bilboko udaletxean, Bizkaiko Foru Aldundian eta Euskal Herriko Unibertsitatean erauzketak egiten dituzte maiztasun erregularrarekin. Argazkian, Imanol Landa alkatea odola ematen.